Juantxo Arregi axerien buruzagi ohiak, Izaskun Beraza egungo buruzagiak eta Ianire Huizi axeri dantzariak azaldu dituzte ospakizunaren zergatia eta ekitaldi-sorta.
Agerraldiari heldu aurretik, baina, Axeri Dantzan partaide aktibo diren Joxe Mari Setien Goia txistulariari eta Ander eta Beñat Setien Iguaran dantzariei besarkada beroa luzatu nahi izan die, izan ere, Manoli Goia Urkizu, beren ama eta amona, hil baitzen atzo.
Ondoren, Berazak hartu du hitza, eta, aurtengoa, “Andoaingo herriarentzat eta bere kultur ondarearentzat urte garrantzitsua” dela adierazi du. “Zergatik? Bada, Adunan eta Andoainen axeri dantza berreskuratu zela 50 urte betetzen direlako. Hori dela eta, axeri dantza urte osoan presente egon dadin hainbat ekimen antolatu ditugu, besteak beste duela mende erdi berreskuratze lan hartan aritu zirenei aitortza egiteko eta Andoainen eta Adunan soilik egiten den dantza hau balioan jartzeko”.
Axeri Dantza parekidea ere ospatzeko asmoa
Bestalde, ez dute ahantzi nahi izan 2025a modu bikoitzean ospatzeko asmoa daukatela. “50 urte betetze hutsa ospakizunetarako arrazoi nahiko ez balitz bada azpimarratu gabe utzi nahi ez dugun efemeride bat. Hain juxtu, 25 urte beteko baitira Andoaingo axeri-dantzan emakumeek lehen aldiz parte hartu zutenetik. Edo beste modu batera esanda, 25 urte daramatzagu herriko ondare den Axeri-dantza modu parekidean plazaratuz. Eta hori ere ospatu nahi dugu!”.
Era horretan, “modu xumean baina garenaz harro”, hainbat ekimen prestatzen ari direla Udalaren laguntzaz, zehaztu dute.
Hainbat ekitaldi, hurrengo hilabeteetan
Andoaingo Inauteriei ongietorria emango dien urteroko Puska Biltze tradizionala aipatu dute lehenbiziko eta behin. Goiburu auzoko baserri eta etxe ataritan ibiliko dira axeriak, otsailaren 15ean, datorren larunbatean hortaz.
Bestalde, ospakizunari zuzenean lotuta, prestatzen ari diren zenbait ekitaldia aipatu dituzte; hala nola, 50 urteko historia bilduko duen erakusketa Basteron; emakumeen partaidetza aztertuko duen mahai-ingurua; dantzari, dantzari-ohi, ikusle, jarraitzaile edo Axeri Dantza maite duen oro bilduko dituen bazkari berezia ekainaren 24an (dantzaren ostean); merchandaising ugaria; edota, ikus-entzunezkoa.
Azkenik, Berazak ekitaldi gehiago izango direla ziurtatu du, “hau guztia izango da, baina ez hau bakarrik. Gogotsu gaude eta martxan dagoeneko! Besterik gabe, urteurren ekitaldi hauetan guztietan elkar ikusiko dugulakoan. Urte askotarako Andoaingo Axeri Dantza!”.
Agerraldian, izan dira, axeri dantzariez gain, Olagain Txistulari Elkarteko kideak, Adunako Axeri Dantzako kideak eta baita ere, Udal ordezkariak, hots, Marta Lasa (Kultura zinegotzia), Aritz Alkain eta Belen Gonzalez (PSE-EEko zinegotziak) eta Idoia Mikelez (EAJ-PNV).