Odola ematea uste duguna (edo uste nahi duguna) baino ekintza erosoagoa da. Nahikoa da gizartearen ongizatearen aldeko kontzientzia pitin bat hartzea, eta nagiak astindu ostean, pausoa ematea. Herriko anbulatorioan edo dena delako eraikinean, 20-30 minutu ordu eskaseko saioan eman dezakegun odol-kantitate horrek hilzorian dagoen gaixo bati bizia eman diezaiokeela pentsatze hutsa, nahikoa behar luke izan.
Ez ematetik ematera doan jauzi pertsonala
Ez da denbora asko igaro Larraitz Larrea eta Imanol Chorro odol- emaile egin zirenetik. Larreak zehaztu duenez, “nik 2020an eman nuen lehenbiziko aldiz, eta hamar bat dohaintza egin ditut, jada”. Chorro berantiarragoa da, “2024ko urtarrilean ematen hasi, eta hiru txandatan joan naiz anbulatoriora”.
Normalki, odol-emaileek nahiko gogoan eduki ohi dute noiz izaten den lehenbiziko txanda hori, zein egoeratan eta zergatik erabakitzen duten. Larreak gogoan daukanez, bere buruari gogor egin zion egun hartan, eta serio heldu zion aspaldian egiteko zeukanari, “joan beharra daukat eta joan beharra daukat esan bai, baina joan ez, eta azkenean egin nuen”.
Chorrok ere argi dauka zerk bultzatu zion erabakia hartzera. “Andoaingo Odol Emaileek urtero antolatzen duten aitortza-ekitaldira gonbidatu zuten aita; betidaniko odol-emailea da eta 75 emanaldi zeuzkalako nabarmenduetako bat zen urte hartan. Bada, berari ezinezkoa zitzaion joatea, eta niri eskatu zidan agertzeko, oroigarria jasotzera. Udaletxean egin zen ekitaldia, eta ekitaldiaren ondorengo zizka-mizkatan, zenbait odol-emaileekin tertulian jarduteko aukera eduki nuen”.
Chorrok aitortu duenez, barru-barruraino iritsi zitzaizkion han entzundakoak. “Kasu partikularrak kontatzen zituen jendeak, odola zein lagungarria izan zen honentzat eta harentzat, bizia salba zezaten. Zehazki, batek aipatu zuen nola bere alabak erditzerako unean, egoera konplikatu, eta nola hasi zen odola izugarri galtzen; ez baliote odol transfusioa egin, akabo! Ezaguna dut aipatzen zuen emakume hori, eta gertutasun horrek zer pentsatua eman zidan, odolaren premiaz”.
Chorrok gehitu duenez, erdi-urren zegoen emakumearen istorioak eman zion azken bultzada, Andoainen odola emateko aukeran jarri zuten lehenbiziko hitzordura hurreratzeko, bi aldiz pentsatu gabe. “Aita eta anaia, biak ditut odol-emaile etxean, eta niri falta zitzaidan pauso hori ematea. Aitak matraka ematen zidan behin eta berriro, are gehiago jakinda biztanleriaren oso portzentai txikiak daukan 0 negatibo odol-motaren jabe naizela. Baina nik beti jartzen nizkion aitzakiak erabakia hurrengorako uzteko”.
Kostatzen den ekintza
Egiten diren inkestetan argi geratzen da gizartean gehien-gehiengoa kontziente dela odola emateak guztion ongizaterako daukan garrantziaz; are gehiago, jakitun da norberari edo ingurukoren bati goiz ala berandu egokituko zaiola besteek emandako odolaz baliatzea bizia salbatzeko edo gaixotasunaren aurkako tratamenduarekin segi ahal izateko. Praktikan, ordea, jende ugariri izugarri kostatzen zaio erabakia hartzea.
Errealitate hori zenbakietara eramanez gero ohar gaitezke utzikeria sozialaz mintzatzen ari garela: esate batera, iaz jakin zenez, EAEn, % 2,3 baizik ez da odol-emaile.
Gipuzkoan, 18.000 ohiko odol-emaile daude, eta, 2024an, 2.545 pertsonak heldu zioten lehenbiziko emanaldi horri. Kopuru txukuna dirudi, baina herrialdean eta herrietan odola ematea sustatzen duten elkarteak nahiko kezkati agertu izan dira azken aldian, odol-erreserbak ez direlako nahi adinakoak. Ohartarazten ari direnez, emateko gai diren guztiek emango balute, asetuta egongo litzateke egun dagoen odol-eskaria, ez lukete "krisi" hitza aipatuko. Nolanahi ere, errealitatea egoera ideal horretatik nahiko urrun dagoela, ordea, aitortzen dute.
Nagusiki, belaunaldi gazteek eragiten diete kezka, ez baitira nahi adina batzen ari odol-emaileen taldera, eta ez dira iristen arrazoi desberdinengatik (adinez aurrera, heriotza...) odola emateari uzten diotenen hutsunea betetzera.
Aitzakiak, nahi dituenak bilatzen ditu
Norberekoikeriak mugitzen dien gutxiengoa kenduta, esan dezakegu alferkeria dela, oro har, arrazoi nagusia ekintza sozial horri ez heltzeko. Nahiz eta gero arrazoi edo aitzakia ugariz estali nagikeria hori.
Orratzaren ziztadak eragiten duen izua, hozkirria, dardara... ere izan ohi da arrazoi nagusienetakoa, uko egiteko odol ematearen ekintzari, Larreak dioenez: “Ulergarria izan daiteke ziztakoarekin dagoen erreparoa; bakoitzak modu batera bizi du orratzarena, baina une bateko kontua besterik ez da, eta ez da horren larria hotzean pentsatzen jartzen bazara”.
Egunero, goizetik gauera konpromisoz beterik egotea eta odola emateko betarik ez edukitzea da beste arrazoietako bat, odola ez emateko orduan. Gizarte-habitoak, bizi-baldintzak... aldatu egin direla aipatzen du Chorrok: “Gure aurreko belaunaldiek ohitura hartuta zeukaten maiztasun jakin batekin anbulatoriora joateko; asko pentsatu beharrik ez zuten. Sozializatzeko ere ondo etortzen zitzaien ekintza hori. Akaso, arratsalde osoan ez zeukaten beste zereginik, eta anbulatorioan bertan, odola eman ondoren patxadan geratzen ziren tertulian honekin eta harekin. Gaur, ordea, ez daukagu ezertarako tarte librerik, eta estres betean bizi gara, orain kirol entrenamendua, gero ikastaroa, hurrena familia... Egia da makina bat aktibitatetan murgilduta bizi garela. Baina, oso noizean behin, tartetxoa hartu dezakegu; hartzeko interesa benetan duenak, hartu dezake”.
Odola emateko baldintzak bete arren, oraindik, pauso hori eman ez duten pertsonei, nagiak astindu ditzaten eta erabakia har dezaten animatzen ditu Larraitz Larreak, “behin probatzen duzunean ohartzen zara ez dela hainbesteko ahalegina, zeure buruari jartzen zenizkion aitzakiak, aitzaki besterik ez zirela. Ordu erdiko ekintza besterik ez dela, eta ez dela hainbeste kostatzen. Eta, ordainean, satisfazio pertsonal handia hartu dezakezu pentsatzeak ezagutzen ez dituzun zenbait pertsonari bizia ematen edo beren ongizatea hobetzen ari zarela”.
Andoainen, hilero hitzordua
Andoainen, hileko bigarren astelehenetan izaten da hitzordua, anbulatorioan bertan, arratsaldeko 16:30etik 20:30era. Bezperan, odol-emaileek mugikorretik mezua jasotzen dute hitzordua datorkiela gogoraraziz; telefonoa ematen zaie ordua hartzeko, horretarako libre direla ikusten badute.
Lehenbiziko aldiz ematearen erabaki irmo hori izaten da hartzen zailena. Hortik aurrera, dena da errazagoa. Anbulatorioko hitzordura doanak ez du zertan kezkatu, Larreak dioenez: “Anbulatorioan oso jende jatorra, atsegina topatzen dugu odol-emaileek. Saioak hilero-hilero antolatzen dituzte, eta benetan badute meritua horiek, eta baita bertan aritzen diren osasun-langileek, erizainek zein medikuek ere”.
Larreak esandakoa baieztatu du Chorrok: “Gogoan daukat lehenbiziko aldian nola azaldu nintzen urduri. Iruditzen zait gelara sartzen ikusi orduko hartu zidatela tankera, 'aurreneko aldia, ezta?' galdetu baitzidaten. Egia esan, oso ondo zaintzen zaituzte; txantxekin-eta tratu goxoarekin lasaiarazten zaituzte”.