Burdina Buruntza auzoko ondare historikoa berreskuratzen ari da

Xabier Lasa 2025ko ots. 11a, 13:43

Burdinako kideek ostiralean egindako agerraldian iragarri zutenez, Buruntzara bideratuko dituzte aurtengo egitasmo gehienak, eta jada ari dira horietako zenbait burutzen. Ainhoa Aiertzak Buruntzako auzotarrak ordezkatuz parte hartu zuen, Kanposantu Zaharreko parke arkeologikoan egin zuten agerraldian. Argazki-sorta eta bideoak, ikusgai: 

Hurrengo hilabeteetan emango dituzte jakitera zehazkiago auzoan burutuko dituzten ekimenak, bertako ondarea berreskuratze aldera. Izan ere, oraindik lotzeko dauzkatela-eta, ez zituzten zehaztu zeintzuk diren ekimen horiek.

Oraingoz, 1963. urte arte San Roke baselizan zutik egon zen santua txukundu eta berriztatu dutela adierazi zuten; hain zuzen, bistara jarri zuten ostiraleko agerraldian. Agerraldia amaiturik, Burdinako kideek santuaren irudia Berrozpeko kaperara eraman zuten; kaperan gordeta edukiko dute hemendik aurrera, eta urtean behin, San Roke egunean aterako dute auzora.

Santua Berrozpeko kaperara eramateko, lau pertsonen artean erraz garraiatzeko espreski egin duten egurrezko angarilaz edo andaz baliatu ziren. Berrozpen, bertan bizi diren Lurdes Lete, Maria Dolores Alonso eta Koro Agirre, Jesusen Alabaren kongregazioko hiru moja zain zituzten, ongietorria emateko.

 

San Roke baselizako hiru santu

Buruntzako auzotarrek XX. mendeko lehen hamarkadan zutitu zuten San Roke baseliza, eta bere mende eta pikoko historian, bertan hiru santu gurtu izan dituzte eskualdeko fededunekin batera.

Santuaren lehen irudia, 1930. urte arte egon zen bertan, erretiratu egin baitzuten orduan, ezagutzen ez diren arrazoiak direla medio. Ez da haren arrastorik topatu geroztik.

Bigarrena 1930-1963 epean izan zen baselizako santu ofiziala. Nonbait, hiru hamarkada eta gehiago pasa eta gero, orduko auzotarrei iruditu zitzaien santu hark ez zeukala sendotasunik, eta nekez egingo ziela aurre aurrerantzean mendi-kasko hartan (340 metrora itsas mailatik) jasan beharko zituen haizeteei eta gainerako klima-baldintza gogorrei.

Ipini zuten hirugarren santua, egun zutik dirauena da. Garai hartan Arregi Aranburu familiaren Eguzkialde etxean bizi zen Manuel Lekuona apaiz hizkuntzalari eta euskaltzalearen bitartez ekarri zuten Antigua auzoko altzari zaharren denda batetik.

Horretarako, ospakizun galanta antolatu zuten santuen aldaketa ekitaldiari halako distira emateko. Goizez, San Martin parrokiara eraman zuten, bedeinkatzeko.

1963ko San Roke egunean, auzoko gazteak San Rokeren irudi berria San Martin parrokiatik ateratzeko unean, han bedeinkatu ondoren (Argazkia: Andoain Udal Artxiboa; © Moises San Jose).

Ondoren, Inazio, Manuel eta Jorge Aizpurua txistulariek beren doinu alaien pean jende-ilara luzea Buruntzako goi-partera abiatu zen, santuen aldaketarako zeremonia egiteko asmoz eta ondorengo erromeriaz gozatzeko gogoz. Santua Gorostidi baserriko idi eta behi parera lotutako gurdian igo zuten; Joxe Ramon Bengoetxeak gobernatu zituen goiko kaskorainoko bidean.

Baselizako kaperan barruan, erretiratzera zihoazen santuari azken errezoak egiten, hiru gazte. Santu horixe da Burdinak azken aldian txukundu duena (Argazkia: Andoain Udal Artxiboa; © Truchuelo).

Santuen aldaketa egiteko unean, jende mordoskaz inguratutako zeremonia (Argazkia: Andoain Udal Artxiboa; © Truchuelo).

Erromeria Joxe Mari Oiartzabal soinu-jolearekin (Argazkia: Andoain Udal Artxiboa; © Truchuelo)

San Roke zakurra ondoan duela, Buruntzako baselizan, egun

(Oharra: Santuen aldaketaren eta Buruntzaren inguruko xehetasun gehiago, Oroituz elkarteak 2023ko abenduan argitaratu zuen “Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoen Buruntzako gurutze frankista” liburuan topa daitezke).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!