Riad Mouaffaq bikain aritu zen Tafallan egin zuen debutean

Xabier Lasa 2025ko ots. 11a, 15:44

Alex Torreguitart eta Riad Mouaffaq Tafallan (Argazkia:Abraham Dominguez)

Riad Mouaffaq kickboxer andoaindarrak K-1 modalitateko maila profesionalean debuta egin zuen Tafallan, joan den larunbatean. Puntutara galdu egin zuen Alex Torreguitart funestarraren aurka, baina oso sentsazio onekin itzuli zela etxera, aitortu duenez.

“Esango nuke ni nagusi izan nintzela lehen borrokaldian, eta bera hirugarrengoan; bigarrengoan nahiko berdintsu aritu ginen borrokan. Azkenean, epaimahaien ustez, bera izan zen garaile, puntutara”.

Mouaffaqek aurkaria menpean hartu zueneko une batean (Argazkia: Abraham Dominguez)

Nolanahi ere, Mouaffaq nahiko pozik geratu zen profesionaletarako debuta egin ostean. “Sentsazio onekin bukatu nuen borrokaldia, eta uste dut dezenteko maila erakutsi nuela esperientzia handiko aurkari baten aurrean; entrenatzaileak eta Andoaindik Tafallara joandako lagunek ere bikain aritu nintzela aipatu zidaten”.

Riad Mouaffaq, Andoaindik Tafallara joan ziren zenbait lagunekin, Jon Vaz, Iurgi Mujika, Ander Perez eta Ibai Martinekin (Argazkia: Riad Mouaffaq)

Galdutako saioekin irabazitakoekin baino gehiago ikasten dela uste duen horietakoa da Mouaffaq, eta Tafallako borrokalditik ikasgaiak aterako dituela etorkizunari begira, ziurtatu du. “Indarrak egokiago neurtzen eta administratzen jakin behar dut, hortxe daukat erronka”.

Jon Vazek borrokaldian egindako grabazio zatia, ikusgai:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!