Nolatan ba Carrefourri boikota? Gatozen hasierara: 2005ean aldarrikatu zuen palestinar gizarteak Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpaina (BDS deitua nazioartean: bdsmovement.net), Israelen politika suntsitzaileen aurka eta palestinarren eskubideen defentsan. Geroztik, Israelen apartheid eta kolonizazio sistemaren eragile edo konplize diren hainbat enpresa eta erakunderen salaketa etengabean diardu BDS kanpainak. Helburua, nola ez, salatutako eragile horiek sentitu dezaten boikot helburu direla, oraintxe jada genozidio baten eragile edo konplize direla, eta ez dugula onartzen haien jarrera. Gure erantzuna: boikota horiei guztiei.
2022ko martxoan, Carrefour talde frantziarrak Israelgo Electra Consumer Products enpresarekin frankizia elkarte bat osatu zuen. Alta, Electra Consumer enpresak parte hartzen du Zisjordaniako legez kanpoko kokaleku kolonialetan, eta haren bidez Carrefour markako produktuak zabaltzen ditu; halaber, Carrefourrek baimena eman dio Electra Consumerri, bere markako produktu batzuk Israelen ekoizteko eta Carrefour markarekin merkaturatzeko.
Aipatzekoa den beste jarduera bat: Carrefourren filiala den Carrefour-Israel markak Gazako genozidioan parte hartzen ari diren soldadu israeldarrei pakete pertsonalak oparitu dizkie, sostengu gisara.
BDZ kanpaina zuzentzen duen Palestinako Batzorde Nazionalak (BNC deitua nazioartean) Carrefour Taldeari boikota egiteko eskatu digu, mundu zabalean palestinar herriaren eskubideak babesten ditugun guztioi, harik eta: Israelgo Electra Consumer Product-ekin duen frankizia hitzarmena amaitu, eta Carrefourrek mundu osoan dituen milaka supermerkatu eta dendatan, Palestinako lurralde okupatuetan Israelek legez kanpo dituen kokalekuetan ekoitzitako produktuen salmenta guztiak bertan behera uzten dituen arte.
Beraz, Euskal Herriko BDZ taldetik horixe bera eskatzen dizuegu euskal herritar guztioi: Carrefourri boikota!
Boikotaren aldeko aldarria egiteko, elkarretaratzeak antolatu ditugu: Ostiral honetan, otsailak 14, Andoaingo Zumea plazan (19:00). Eta, larunbatean, otsailak 15, Carrefourrek Oiartzuneko Lintzirinen duen merkatalgunearen aurrealdean (12:00).
Carrefourri boikota? Bai, eskerrik asko.