Hori baino lehen, Eguzki Talde Ekologistak hitzaldia antolatu du otsailaren 19an, asteazkenarekin, 19:30ean hasita Bastero Kulturgunean. Hitzaldia Arturo Elosegik emango du “Leitzaranen aukerak eta arriskuak” goiburupean. Biologian Doktorea, ibai-ekologia aditua eta Ekologian Katedraduna da EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.
2024an basoaz, basoen funtzioez eta berau kudeatzeko aukeraz entzuteko bidea izan bagenuen, aurten ikuspegia zabaldu eta Leitzaran baila osotasunean hartu dugu. Hango aberastasuna biologiari nahiz ekologiari buruz hitz egingo digu. Hala nola horiek mantendu edo hobetzeko ugaritzen ari diren arriskuez: lur nahiz aniztasun biologikoaren galera, energia azpiegiturak (zentral hidroelektrikoa nahiz eolikoak), aisialdia-turismoa, monolaborantzak, baliabideen ustiaketa neurrigabea… Eta nola ez baso orekatu eta natural batek honetan guztian jokatzen duen papera. Jarduera hauek eta beste batzuk mendiak eta, batez ere, Andoaingo mendi publikoen kudeaketa zehazteko balio izatea nahi genuke. Hitzaldia erabat lotuta dago otsailaren 22an egin behar dugun beste ekintza batekin, zuhaitz landaketarekin. Ekimen herrikoia antolatu dugu data horretarako. Irteera puntua Otietako aparkalekuan izango da eta argibide gehiago emango ditugu hitzaldian.