Adrian Perezek zehaztu duenez “tonu intimistako abesti mordoez beterikoak” dira azken aldian plazaratu dituen bi diskoak. “Lasai ederrean” 2022an eta “Lozorroan epel” 2024ko urrian, hain zuzen. Bi diskoetan, Perez bera da abesti guztien hitzen eta doinuen konposatzailea; Unai Pelayo ekoizpenaz, konponketez eta grabaketaz arduratu da.
Bi diskoetan oinarrituko da kontzertua: “Ordubete inguruko emanaldia izango da. Ez da ohiko ordutegia eta ez dakigu nola erantzungo duen publikoak. Taberna giroa badakigu nolakoa den eta ez dugu erabateko isiltasuna eskatzen, baina eskertuko genuke pittin bat erne egotea”.
Bi CDen izenburuek igarri arazi dezakete, akaso, edukiaren nondik norakoa. “Ukitu intimoa daukaten proposamenak dira biak ere, esan bezala”. Abestien hitzak nahiko ikuspegi pertsonaletik jorratu dituela aitortu du Perezek, eta gai anitz dituzte hizpide batzuk “osasun mentala, amodioa-desamodioa, heriotza, gerra...”. Beste batzuk, halaber, badute aldarrikapenetik ere zer edo zer, urtetan aurrera doan pertsonaren ikuspegia eta jarrera erreibindikatzeko nahia ere islatzen dutela, alegia: “Gaztetasuna baloratzen da gaurko gizartean, eta badirudi 60tik aurrera goazenok ez daukagula zer esanik, zer eginik, ez musika egin, ez ezer”.
Ia 20 urteko isiltasuna
Emankortasunez eta eskarmentuz jositako musika ibilbidea egina du Adrian Perezek. Mogollon, Mal de Ojo eta Haragi GordiÒa taldeekin Popa, Rock&Rolla eta Rumba estiloak jorratu zituen, eta arrasto sakona utzi zuen euskal panoraman bere-berea zuen ahots eta kantatzeko modu ahaltsu eta erakargarri haiekin.
Geroztik, urte mordo egin zuen geldi egonean Perezek. “Kokoteraino bukatu nuen, eta zuzenekoak utzi egin nituen. Mal de Ojorekin han eta hemen, makina bat tokietan ibili ginen, eta nekea sentitzen nuen. Gainera, ohartzen nintzen aldatzen ari zirela musika kontsumitzeko ohiturak gizartean, eta ez nuen gogoko giro hura. Gu bezalako taldeen zuzeneko kontzertuen estimazioa jaisten ari zen eta DJak indarra hartzen. Erakundeetako kultur programatzaile batzuek ere nonbait ikusi zuten merkeagoa eta errazagoa zela DJak kontratatzea, Rock&Rolla baino...”.
Unai Pelayo "Pelax" iloba musikaria ondoan eduki du Adrian Perezek, ia bi hamarkadatan luzatu den isiltasun hori hautsi zuenetik. Oso gustura ari dela osabarekin, aitortzen du "Pelax"-ek, “Umetan eta gaztetan zuzenean ikusteko aukera eduki nuen, bai; badauzkat oroitzapen batzuk, Egiako Gazteszenan-eta umea moko nintzenetik. Etxean ere, melomano hutsak nituen gurasoak, eta 12 urte nituela, identitatea azaltzen hasten den urte horietan-edo talde batean jotzeko gogoa sortu zitzaidanean, Adrianek bere gitarra utzi zidan. Oraindik ere erabiltzen dut, eta eramango dut Andoainera. Bada, pentsatzen dut mesede harengatik esker oneko azaltzeko modu bat badela orain berarekin jotzea”.