Martxoak8 2025

"Emakumeen Irradaka" dantza prestatzeko entseguak, datozen egunotan

Aiurri 2025ko ots. 19a, 19:30

Irradaka Aiztondon, iazko azaroan.

Martxoaren 8a gainean da eta emakumeen afarian lagun asko izena ematen ari da, egunotan. Aurten, estrainekoz, "Emakumeen Irradaka" dantza saioa antolatu dute eta hori prestatzeko entseguak datorren astean dira.

Taldean egiten den dantza saioa da Aiztondo bailaran, aurreko urteetan, ohiko bilakatu da. Diotenez, "oso pauso errazekoa" eta "denek parte hartzeko modukoa" izango da. Andoainen lehen aldiz egingo dutenez, emanaldia prestatzeko entseguak deitu dituzte, otsailaren 24an eta 25ean iluntzeko 20:00tan hasita. Olagainen egingo diren entseguetara deituta daude parte hartu nahi duten emakume guztiak.

Irradaka martxoaren 8an egingo da, Goikoplazan, 12:00tan hasita. Segidan, manifestazioari ekingo diote. Egunotan, entseguez gain, afarira joateko txartelak daude eskuragarri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!