Nola doa larunbateko Kaldereroen Konpartsaren antolaketa?
Konpartsa polita, ikusgarria aterako dela iruditzen zaigu, eta Andoaingo kaleetan jai giroa zabalduko duela arratsaldez, aurreko urtetan bezala. Baina kostata ari gara osatzen festa. Egia esanda, gazteak duela ez asko iritsi gara txarangaren zuzendaritzara, eta denbora askorik eduki gabe heldu behar izan diogu antolaketari, nahiko presaka. Hori, batetik, baina, bestetik, esan behar da ate ugari jo ditugula elkarlanean jarduteko proposamenarekin, eta ez dugula jaso nahi genukeen bezainbat babes. Eta zer pentsatua ematen du horrek.
Zer pentsatua diozu...
Aurtengo jaia igaro eta gero, etorkizunean, hausnarketa-prozesua ireki beharko dela iruditzen zaigu. Udala, herriko kultur elkarteak, interesa duten gizabanakoak, musikariok... bildu beharko gara eta guztiok ere geure buruari galdetu ea benetan merezi ote duen Andoaingo herriak halako festa edukitzea, ea ba ote daukagun interesa festa horrekin, eta baiezkoa bada erantzuna, ea noraino inplikatzeko gogoa daukagun...
Printzipioz, Gora Kaletxiki txaranga prest legoke Konpartsaren jaia kudeatzeko edo interesa duen edonorekin elkarlanean jarduteko. Baina ez da ahaztu behar jai herrikoia dela Kaldereroen Konpartsa, eta herritarren parte-hartze aktiboa eskatzen duela. Alde horretatik, beharbada, txaranga ez da egokiena parte-hartzaileak mugitzeko; horretarako, errazagoa behar luke izan jada bazkideak edo jarraitzaileak dituen edozein eratako elkarte bat.
Aurtengo Kaldereroen jaira itzulita, kontaiguzu zer nolako berrikuntzekin datorren.
Ama Kandida etorbideko obrak direla eta, ohikoa den ibilbidea aldatu behar izan dugu, pixka bat, eta hortik datoz ibilbidearekin egin behar izan ditugun aldaketak, batik bat. Hain zuzen, 16:15etan zahar egoitzan hasiko da konpartsaren ekitaldia, baina karrozarik gabe. Bertako egoiliarrei lehenbiziko saioa eskainiko diegu. Ondoren, 16:45ak aldera, Arrate plazatik abiatuko da Konpartsaren kalejira, karrozarekin, oraingoan. Zartagiak eta mailuak musikaren doinupean astinduz, Goikoplazara iritsiko gara, eta bertan kanpalekua ezarriko dugu. Konpartsak betiko errepertorioko saioa egiteaz gain, balkoitik pregoi edo diskurtsoaren txanda ere izango da Erreginaren eta bere laguntzailearen eskutik.
Ondoren, txokolateaz gozatzeko aukera izango dugu parte-hartzaile guztiek; Andoaindarra elkarteko kideek hartu dute txokolatea egin eta banatzeko ardura, eta eskertzekoa da erakutsi duten prestutasuna.
Behin plazan ordu erdiko egonaldia eginda, Zumea plazara abiatuko gara, Kale Nagusian barrena.
Hori bai, hiletarik egokituz gero, zertxobait aldatuko litzateke ordutegia.
Zer esango zenieke Konpartsan parte hartu nahi duten herritarrei?
Irekia da jaia, noski, eta festazale eta kaldererozale orori zabaltzen diegu gonbidapena, Arrate plazara azal daitezen. Hortik abiatuko da Konpartsaren kalejira.
Zahar egoitzakoa saio berezia izango dela iragarri duzue.
Bai, eta uste dut azpimarratzekoa dela berriki hil den Xabier Mujika LarraÒagari egingo diogun omenalditxoa. Oso pertsona maitagarria izan da Mujika Andoainen, eta pena handia sentitu dugu guztiok. Umeak asko maite zituen, festazalea eta kaletarra zen oso, bazekien kalean umorea zabaltzen bere presentziarekin, eta, horregatik, aitormen sinbolikoa egin nahi ko genioke keinu xume bat eginez, bere bizitokia izan zenaren atarian.
Larunbateko ekitaldiaren bezperan, Ondarreta Herri Eskolako konpartsa ateratzen da kaleak alaitzera. Hitzordu horri ere eutsiko dio Gora Kaletxiki txarangak.
Betiko eran, ostiralean, 15:15ak aldera eskolako aterpetik irten eta Zumea plazarako joan etorria egingo dugu haur, irakasle eta gurasoekin batera. Oso ekitaldi polita izaten da, haurrek gozatu egiten dute, eta merezi du ekitaldi horri ahal dugun ekarpena egitea geure aldetik.
Kalderero txikiak
15:00 Ondarreta Herri Eskolaren kalejira.
17:00 Festa Ludotekan: Karaokea eta kaxa magikoa.
Otsailak 21, ostirala.
Kaldereroak
16:30 Musikarien emanaldia adinekoen egoitzan.
17:00 Konpartsa Arrate plazatik abiatuko da. Ibilbidea: Arrate, Goikoplaza, Zumea plaza.
18:00 Kanpalekua, txokolate-beroa eta adierazpena Goikoplazan.
Otsailak 22, larunbata.