Futbolzaleek historia zirraragarria aurkituko dute, egunotan, Bastero Kulturguneko erakusketa-aretoan

Jon Ander Ubeda 2025ko ots. 24a, 07:46

Garaiko AS eta MARCA egunkarietako azaletan agertu ohi zen Langara

Isidro Langararen ibilbidea miragarria da. 2025era iritsita, Lehen Mailan hiru partidatan jarraian hat-tricka lortu duen jokalari bakarra da. Golegile aparta, hiru urtez jarraian, ligako Pitxitxi izan zen. Erakusketa ederra ikusgai dago Basteron, egun hauetan.

Futbolzale amorratuek historia zirraragarria aurkituko dute, egunotan, Bastero Kulturguneko erakusketa-aretoan. Isidro Langara Andoaingo futbolariarengan gorpuztuta, Udal Artxiboak mimoz prestatu du eta bidelagun izan du Itxaso Mendiluze komisarioa, bisitariaren esperientzia hobetzeko lan bikaina egin duena. Futbola maite duenarentzat bikaina da, horrela laburbildu daiteke erakusketa. 

"Kirolaria bere dimentsioan hobeto ezagutzeko eta historian barrena arakatzeko esperientzia aproposa da"

Honaino iritsita, izena ezezazuna zaionarentzat, nor izan zen Isidro Langara? Golarekin harreman estua izan zuen futbol jokalaria. Eta, 2025era iritsita, munduko goleatzaile onenen olinpoan goi-goian jarraitzen duena. Izan ere, bere markak harrigarriak dira: Futboleko Historiaren eta Estatistiken Nazioarteko Federazioak garai guztietako espainiar golegilerik onena izendatu zuen. Ez baita txikia lortu zuena: hiru herrialdetan –Espainia, Argentina eta Mexiko– lehen mailako golegile nagusi izan den lehen jokalaria, mundu osoan; Espainiako Lehen Mailan segidako hiru denboralditan golegile nagusi izan den lehen jokalaria; Espainiar futbolaren Lehen Mailan historiako gol-ratio onena duen jokalaria (1,17 gol partida bakoitzeko); Espainiako Lehen Mailan 100 gol sartzeko partida gutxien behar izan dituen futbolaria (80 partida); Espainiako Lehen Mailan segidako hiru partidatan hat-trick egitea lortu duen jokalari bakarra; 1934ko Munduko Txapelketako hamaikako idealean sartu zen; Espainiako selekzioaren historian golen batez besteko onena duen jokalaria (1,42 gol partida bakoitzeko); Golen errekorra (5) Espainiako selekzioaren partida ofizial batean. Estatistika horiekin, garaiko AS eta MARCA egunkarietako azaletan agertu ohi zen Langara. Futbolaren historian izar bat jaio zen Andoainen, eta urteak igarota ere, haren marka onenak indarrean dira. Sekulakoa!

Egungo Putellasen edo Haalanden pareko izan zen Langara.

Esan bezala, asteotan, erakusketa ederraz gozatzeko aukera dago Bastero Kulturgunean: argazkiak, objektuak, hemeroteka, bideoa... oparoa da, oso. Bada audio bat ere, Eitb-k utzitakoa, zeinean Isidro Langara euskara ederrean hizketan ari den. Asteotako erakusketa amaituta, Langararen ondare hori guztia Real Oviedo fundazioaren esku utziko dute. Ez da baztertzen, Oviedon bertan, Langarari begirako erakusketa egonkorra zabaltzea.

Erakusketa, zabalik

"Andoain herria zorretan zen Isidro Langara Galarragarekin", horiek izan ziren Andoni Alvarez alkatearen lehen hitzak, gainerako hizlariei hitza eman aurretik. Erakusketa ez da Andoaingo Udaletik bideratutako ekimen bakarra izan. Ez da ahaztu behar herrigunea eta Allurralde kiroldegia elkar lotzen dituen zubiak Langararen izena daramala. Allurralde aldean, egunotan, haren omenezko murala ageri da. Muralaren albo banatan, Langararen marka onenak jasotzen diren plaka bana dago.

"Benetako altxorrak topatu ditugu erakusketa antolatzen hasi ginenean, bere familiak txukun eta kontu handiarekin gorde duena". Marta Trutxuelo erakusketaren xehetasunetan murgildu zen: "Objektu paregabeak aurki daitezke, bai, baina batez ere pertsona da erakusketa honetan protagonista". Asier eta Junkal Guerrero Langararen oinordekoei esker berezia adierazi zien, osaba-aitonaren ondarearekin hain eskuzabal jokatzeagatik.

Miguel Sanz eta James Harriman Oviedotik etorri ziren aurkezpen-ekitaldira. Bien artean idatzi dute Andoain osoan banatu den liburuxka. Sanz Real Oviedo fundazioko kide da eta James Harriman Oviedon hiritartu den kazetaria. Biak ala biak Langararen zaletu amorratuak dira. "Urteak igarota, Langara oso maitatua zen Oviedon. Urte asko dira baina oraindik ere jende askoren gogoan dago", adierazi zuen Sanzek. Hamar urte egin ditu Oviedon Harrimanek, eta deigarria egiten zaio "Langararen irudia hiriburuan nonahi aurki daitekeelako".

Junkal Guerrerok Langara familiaren izenean eskertza adierazi zuen. Familia handia da eta gehien-gehienak irekiera-ekitaldira hurbildu ziren. "Urte asko pasa dira eta ez da gutxi gorde duguna. Futbolaz harago, garai oso bat ezagutzeko aukera izan dugu, Isidroren bitartez: 36ko Gerra, Eusko Jaurlaritza erbestean, II. Mundu Gerra, euskaldunen emigrazioa Amerikara...". Erakusketaren irekieran, etxekoek eta hurbildu zirenek gozatu ederra hartu zuten. Ikuslego zabalaren esku dago orain. Gomendagarria da, oso.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!