Antolatzaileen esanetan, xede bikoitza du ekimenak: batetik, gozamen unea sortzea, "ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatu dezaten". Bestetik, gurasoen prestakuntzari begira ere egiten da lan, baliabideak erakusteaz gain, kontatzeko moduen berri ere ematen baita saioetan: "Azken batean, helduek seme-alabakin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da".
Irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak... Askotariko jarduerak egingo dituzte familiek ikastaroan, gurasoen edo tutoreen zein haurren arteko irakurketa-giroa sortzeko asmoz.
Aurten, bi talde antolatu nahi dituzte eta horietako bat guraso ez euskaldunentzat egokitua egongo da, nahiz eta haurrentzat euskaraz izan edukiak eta bibliografia erreferentziak.