Martxoak8 2025

Borroka feminista eta antifaxista aldarrikatu dute herriko kaleetan

Xabier Lasa 2025ko mar. 8a, 19:04

Ehunka herritarrek hartu dute parte herriko Andoaingo kaleetan barrena egin den manifestazioan. Ekitaldia Irradaka dantza amaitu ondoren Goikoplazatik abiatu da, eta Zumea plazan amaitu herriko Mugimendu Feministak deituta.

Zumea plazan, manifestazioaren deitzaileek adierazpena irakurri dute. Krisi anizkoitzak gogor kolpatzen gaituela adieraziz ekin diote hitzartzeari: “Pobrezia orokortua, indarkeria matxista, krisi ekosoziala… Migrazio politika bortitzak, pribatizazioa, prekarietatea eta emakumeen gain jartzen diren zaintza lanen karga eramanezina ditugu nagusi. Krisi testuinguru honetan, faxismoaren oldarraldiaren lekuko gara. Oldarraldi hau kapitalismo kolonial zisheteropatriarkala indarrez inplantatzera dator. Emakume, gorputz disidente eta pertsona arrazializatuak jo puntuan jarri eta zapaltzeko asmoz. Desberdinkeriak areagotzen ari dira eta ezin dugu ahaztu erreakzio faxista, patriarkala ere badela, gizon zurien jardun eta ideologia den heinean”.

Faxismoaren gorakada ez dela “soilik eskuin aldetik iritsi” gogorarazi dute. “Feminismoaren aurkako posizio gisa eta euren burua pribilegioak galtzeko arriskuan ikusi dutenak ere oldartu dira”.

Faxismoaren aurkako borroka justifikatzen duten zapalkuntzen adibide ugari aipatu dituzte: “sare sozialetako erreakzio misoginoak, borroka feminista arazo sozialen kausa gisa identifikatzeko joerak edo gure borroka kriminalizatzen duten adierazpenak. Horregatik, borroka propiotik artikulatzen dugu faxismoaren aurkako borroka. Izan ere, borroka antifaxista, feminismotik aurrera eramatea ezinbestekoa da, gatazka eta garaipenak ez ditzaten borroka-eremu maskulinizatuek monopolizatu. Antifaxismoak ere izan baitezake iruditegi eta logika patriarkala”.

 

Feminismoaren tresnak, egoerari aurre egiteko

Aldi berean, gogorarazi dute bizi garen sistemak “interkonektatutako mekanismoen bidez funtzionatzen” duela, eta mekanismo horiek denboraren eta espazioaren arabera berrantolatzen” direla, egiturazko arazoak sortuz. “Gure gorputz eta bizitzei buruzko indarkeria-egoera material zein sinbolikoetara eramaten gaitu etengabe”.

Gehitu dutenez, feminismoak ematen dizkigu “datorrenari aztertzeko teoriak eta ideologia nagusiari aurre egiteko oinarriak”. Horrela, adierazi dute feminismoak tentsioan jarri dituela pribilegio batzuk, zalantzan jartzeraino. “Nagusitasuna espazio maskulinizatuetan borrokatu dugu, gizonen erreakzioa eragiteraino. Faxismoaren aurkako borroka kapitalismoaren, patriarkatuaren eta kolonialismoaren aurkako borrokarekin batera doala berresten dugu”.

Manifestazioaren deitzaileek, elkartasuna adierazi die “erresistentzia dabiltzan kideei. Besarkada bana eta gure babes osoa Palestina, Sahara, Kurdistan eta borrokan dabiltzan beste herrietako kide guztiei”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!