Hona zeintzuk osatuko duten Jabekuntza Eskolaren udaberriko ikastaro-sorta:
• Batukada feminista.
• Ongizate emozionalerako eta autozainketarako lantegiak.
• Arte garaikidea eta feminismoa.
• Eskalada hastapena.
• Autodefentsa feminista.
• Filosofoak bidean. Bidaiatu eta filosofatu.
• Biodantza.
• Sendabelarrak ezagutzen.
• Ginekologia naturala eta maitasunezkoa.
• Mundu digitala eta ahalduntzea.
• Eskaladan sakontzen.
Ahalduntzearen garrantzia
Haizea Barandiaran berdintasun zinegotziak eta Sandra Barrenetxea Berdintasun teknikariak eman dituzte ikastaroen xehetasunak. Aritz Alkain (PSE-EE) eta Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) zinegotziek ere hartu dute parte aurkezpen ekitaldian.
Barandiaranek ahalduntzearen garrantzia azpimarratu du “jabetzeak norberaren bizitzan autonomia izatea bultzatzen du, bizitzan aukerak egiteko ahalmena izatea eta eraldaketa sozialean eta politikoan parte hartzea. Aldaketa pertsonal naiz kolektiboa ahalbidetzen duen prozesua da jabekuntzarena, emakumeen eta gizonen arteko harremanen benetako eraldaketa dakarrena. Jabetze prozesu hau gauzatu dadin, emakumeei maila pertsonalean gertatzen zaiena ulertzea ezinbestekoa da, baita errealitatea eta inguratzen dituen testuingurua ulertzea ere; aldi berean, euren eskubideak ezagutzea, informazioa eta baliabideak eskura izatea, kontzientzia eta gaitasun kritikoa izatea, etab”.
Nahiz eta jabetza prozesu pertsonala izan, erakundeen eragile lana premiazkoa dela gehitu du: “erakundeek emakumeen eta emakume taldeen jabetze prozesuak sustatu behar dituzte, hori da hain zuzen ere Andoaingo Jabekuntza eskolaren misio eta helburu nagusia”.
Ikastaroetan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, hiru aukera jarri dituzte:
• jabekuntza.andoain.eus wegunea.
• Andoaingo Udaleko berdintasun lansaila (943300830 telefonoa edo berdintasuna@andoain.eus korreoa).
• Andoaingo Udaleko Ataria zerbitzua.
Bihar, asteartearekin irekiko dute izena emateko epea, eta itxiko, ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago.