"Gaur, 2025eko martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.
Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.
30. urteurren horrek konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen digu, Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren baliabideak bideratuz, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko.
Genero-desberdintasun estrukturalaren ondorioz emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea. Egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz.
Egoera honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeek boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako ezinbestekoa da lankidetzaren eta berdintasunaren aldeko Gobernantza defendatzea; emakumeen eta gizonen berdintasuna erdigunean jarriko dituzten politikak sustatzea, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala eta honi Gobernu Ona esan zaio. Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa. Gobernantza feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara eta beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea aurrera eraman nahi dugun prozesuan.
Berdintasun Politikek, azken urteetan, oinarrizko sistema bat sortu dute, baliabide eta planez josia. Ezinbestekoak izan dira, hainbat bide zabaltzeko, eta hauen garapenean oraindik bidea daukagu egiteko. Nabarmentzekoa da, indar ultrakontserbadoreek hauen kontra abiatu duten gurutzada, eta argi dugu horien defentsan eta sustapenean egongo garela instituzio bezala. Baina handik haragoko politikak behar ditugula esan nahi dugu gaurkoan, zeharlerrotasun bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Honi, Gobernantza berria deritzogu, “emakumeen gaiak” eskinatik atera eta unibertsal bilakatzera jo nahi dugu. Zaintzaz, ekonomiaz, hirigintzaz eta Indarkeria Matxistaz, guztiaz, ikuspegi feministatik aritu nahi dugu.
Euskal erakundeek eta, bereziki, tokiko gobernuek, 30 urte hauetan metatutako ebidentzia dute, eta horrek agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun-politiken bermatu eta legitimatu egin du.
Euskal udalek genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko, Andoaingo Udalak ondorengo konpromisoak hartuko ditu:
• Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.
• Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
• Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
• Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
• Zaintzen aldeko lanketa espazio partekatuetan aurrera eramatea.
• Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.
• Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez.
• Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea”.