"Nire esperientzia txirrindularientzat baliagarria izatea nahi dut"

Jon Ander Ubeda 2025ko mar. 15a, 08:10

Ana Usabiaga

Goierritarrak ibilbide oparoa egin zuen txirrindularitzan, Euskal Herrian eta nazioartean lehiatuz. Egun, beste ikuspegi batetik bizi du ofizioa Ana Usabiaga Andoaingo Txirrindulari Eskolako nesken kirol-zuzendariak.

Andoaingo Txirrindulari Eskolako emakumezkoen kirol zuzendaria zara. Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?

Oso ona, egia esan. Rol horretan, nire lehenengo esperientzia da eta, hein batean, ni ere ikasten nabil haiekin batera. Egia da ezaguna zaidala mundu hau, nire kirol ibilbideari lotuta daude Euskal Herriko egutegia eta Espainiako Kopa. Tropelean bizi izan dut hori guztia eta orain beste ikuspegi batetik egin behar dut lan. Oso ezberdina baita tropelean edo atzean, ibilgailu batean, zuzendari lanetan aritzea. Nire esperientzia haientzat baliagarria izatea nahi dut eta lasterketaren hainbat unetan lagungarria da, lasterketak eta errepideak ezagunak zaizkidalako. Lasterketaren arabera, ditugun txirrindulariak aintzat hartuta, estrategia bat edo beste praktikan jartzea da nire lana.

Zer aurkitu duzu Andoainen?

Talde txiki bat, baina, aldi berean, gauzak ondo egiteko gogoz dagoena.

Kluba kanpotik ezagutzen zenuen eta orain barruan zaude. Zer da gehien harritu zaituena?

Harrera ona egin zidaten eta berehala integratu naiz. Erraztasun handiak eman dizkidate taldeko arduradunek. Eurek emandako ildoari jarraipena eman diot eta, txirrindulariei dagokionez, oso azkar bereganatzen dituzte esanak eta horiek bururaino eramaten ahalegintzen dira. Oso gustura nago kirol-zuzendari lanetan.

Talde txikia da eta, era berean, oso maila ona ematen ari da.

Bai, bai. Arrazoi golegile haiei. Kanpotik sailkapenei betidanik erreparatu diet eta banekien Andoaingoek maila txukuna zutela. Iaz, sorpresa hartu nuen uste baino maila politagoa dutelako.

Eta, gainera, hobetzeko aukera handia dute. Kirol zuzendari batentzat esperientzia interesgarria da, ezta?

Kadete eta jubenil mailako gazteak dira eta oraindik asko dute ikasteko. Esandakoak berehala barneratzen dituzte. Oso polita da, bestalde, nire baitan sortzen den sentsazioa, haien ikasketaren parte sentitzen bainaiz. Txirrindulari izateko prozesuaren parte bilakatzen gara kirol zuzendariak.

Espainiako Kopa egingo duzue. Ordu asko egingo dituzue elkarrekin.

Aurten, kadete mailako bi lasterkariak soilik gertuko lasterketetan ariko dira. Nojan izan ziren eta, datorren astean, Beasainen ariko dira. Ekainean, berriz, Lizarrakoan parte hartuko dute. Kopako partaidetza modu mailakatuan egingo dugu gazteenekin. Junior mailakoekin, aldiz, martxoaren amaieran Galizian eta Murtzian lasterketa-sorta egingo dugu. Iaz, Kopako sailkapen orokorra irabazi genuen Irati Arangurenekin. Kontziente gara errepikatzea zaila dela, baina saiatuko gara.

Taldeka ere txukun aritzeko aukera duzue.

Bai, baina ez da gure helburuetakoa. Ez gara hori bilatzen ari. Lasterketa bakoitzeko banakako sailkapenari emango diogu garrantzi handiagoa. Baina, tira, errepideak egoera horretan jartzen bagaitu, egoera iritsiko balitz, taldekako sailkapenarekin ere saiatuko ginateke. Baina, esan bezala, ez da denboraldi hasieran gure buruari jarritako helburu bat.

Murtzia eta Galizia, kilometro asko tartean. Zenbaterainokoa da egingo duzuen sakrifizioa.

Prestakuntza aldetik ez dago aldaketa handirik, distantzia eta zailtasun beretsuko lasterketak direlako. Baina egia da asteburu osoa kanpoan emango dugula. Galiziara, adibidez, ostiral goizean abiatuko gara eta txirrindulariek eskolako eguna galduko dute. Nik, berriz, lan egun osoa. Baina badakizu esaerak zer dioen: gogoko tokian, aladaparik ez.

Hamabost urte atzera txirrindulari aritu zinen pistan eta errepidean. Asko aldatu al da txirrindularitza denbora honetan guztian?

Aldatu baino gehiago esango nuke lasterkari gehiago dabilela lehian eta hori zorioneko albistea da. Lehen, goi-goian zebiltzen txirrindulari talde txiki bat eta gainerakoekin zegoen aldea oso handia zen. Tarteko maila hori handitu egin da eta hori oso ona da txirrindularitzarentzat. Horrez gain, lehen, nesken artean ez zen ohikoa prestatzaile bat izatea, potentziometroa erabiltzea... Hori, egun, neskek oso barneratuta dute. Txirrindulari gehiago ditugu hobeto prestatuta eta, ondorioz, maila igo egin da.

Taldeko partaideak, zuzendariaren ahotan

Irati Aranguren

"Eskalatzailea, lasterketaren irakurketa egiten azkarra da. Mugimenduak ikusteko dohain berezia du, badaki zer egin behar duen une bakoitzean. Uneoro nor duen aurkari zuzena antzematen badaki. Ez zaio ezer esan behar. Abantaila handia du, indar gutxiago xahutzen duelako".

Izaro Etxarri

"Orain arte pistan nabarmendu da gehiago, baina errepidean txukun ari da. Esprinter lanetan ondo moldatzen da. Iratiren eta Izaroren ezaugarriekin, lasterkei ekiteko oso talde orekatua dugu. Esprintari nola ekin, zein kokapen izan behar duen... Hori ikasten ari da urteotan. Bide polita darama eta bidean gehiago ikasiko du.

Intza del Teso

"Beldurrez aritzen da eta buruarekiko konfiantza gehiago behar du zeren eta lasterketak bera uste duena baino toki hobean jartzen du. Berak uste duena baino askoz txirrindulari hobea delako. Iaz, konfiantza gutxirekin ekin zion denboraldiari eta errepideak erakutsi zion Izarorekin eta Iratirekin bat gehiago dela".

Nahia Garcia

"Aurten hasi du denboraldia. Ziklo-krosean eman du udazken-negua eta orain atseden hartzen ari da. Errepidean ez du oraindik debuta egin. Nahiaren helburua da bere buruarengan gehiago sinestea, batez ere, maldan gorako lasterketetan. Gaitasuna badu eta horren froga eman izan du kadete maila lasterketetan".

Maddi Ormazabal eta Olaia Gayoso

"Kadete mailako bi lasterketa besterik ez ditugu egin eta, egia da, oraindik ez dugula eurak eta neuk gehiegi elkar ezagutzen. Bi txirrindularien helburua ez da txikia, eurentzat den-dena berria baita. Izan ere, lehen aldiz, benetako tropelean ariko dira lehian. Lasterketak amaitu, dagoen maila aztertu eta bizitako esperientziatik ikasi: hori dute, aurten, helburu nagusi".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!