1936ko irailaren 14an jasotako irudiak dira. Lehen bistara kalitate handikoa dela antzeman daiteke. Audiorik ez dago, irudi soilak dira baina, gaitzerdi, oso esanguratsuak dira Andoaingo udalerriarentzat. Izan ere, besterik agertzen ez bada, Andoain herriaz ezagutzen den filmaziorik zaharrena da.
Aipamen hauek bildu dituzte webgunean, irudiekin batera:
MIGUEL CABANELLAS JENERALA, DEFENTSA NAZIONALEKO BATZORDEKO LEHENDAKARIA, ESPAINIA. Bi gizon leihotik tiroka koltxoiarekin. Boluntarioek errazioak ekartzen dituzte kalean barrena. Auto blindatuak harrapatzen ditu. Soldaduak babarrunak jaten.
Andoaingo lehen irudiak, Zumea plazakoak
3:45 minutuan hasita Francoren aldeko tropak ageri dira bazkaria banatzen. Irudian agertzen den eraikina ikusita, Zumea kalean zegoen Tolosa-Donostiako biltegia edo "kotxerak" dira. Azken hamarkadatan, Txitibar baserriaren ondoan, futbol zelaia izan zen bertan eta, egun, Zumea plazako bizigunea da.
1936ko irudietan eraikin hori hainbat argazkitan ageri da, bertatik igaro baitziren Francoren aldeko tropak. Hona, horietakoa, aski ezaguna dena eta Oroituz, Andoainen elkarteak argitara eman izan duena. Honako irudi hau ez da filmaketan ageri, baina egun beretsuan ateratakoa da:
Nafarroa zubia, jarraian
Kaleberriko irudiak ikus daitezke, jarraian, 4:11 minututik aurrera. Francoren aldeko tropek Andoain hartu aurretik udalerriko bi zubi eraisten ahalegindu ziren errepublikazaleak. Nafarroako zubiaren kasuan, erabat hautsi zuten zubia. Diotenez, Asturiar lurreko dinamiteroak izan ziren ardura hori hartu zutenak. Irudian, atzealdean, ikus daitekeen eraikina Exkerranea da. Duela urte gutxi eraitsi zuten eta, egun, aparkalekua da.
Kale Nagusia eta Zubiaurre etxea
4:22 minutuan hasita, Santa Krutz zubiaren irudiak ikus daitezke. Leitzaran ibaiaren bestaldetik ateratako irudiak dira, parez pare ageri baita Zubiaurre etxea. Egun, Santa Krutz jaietako jaien hasierako ekitaldia etxe horretako lehen solairutik egiten da. Kasu honetan, dinamiteroek erdizka eraitsi zuten zubia. Kale Nagusiaren alde horretan sortu zuten kalte handiena, baina ez zuten erabat botatzea lortu.
Testuinguruan jarri behar da zubi horiek zuten garrantzia 1936. urtean. Ez zen garai hartan autobiderik, udalerritik bertatik igarotzen zen Irun-Madrid arteko errepidea. Ez zegoen besterik.
Buruntza, tren geltokitik
Eraikin baten barrualdetik ageri diren militarrak Buruntza mendira begira daude. Filmaketan gaina ez da gutxigatik ageri. Irudiaren perspektika ikusita, ia ziur gaude irudi horiek Andoaingo tren geltokitik atera zituztela. Zehazki esanda, tren geltokiko eraikin batetik. Militarrak zaintza lanetan ziren, baina ordurako ez zen borrokaldirik mendialdean.
Kale Nagusia, Goikoplazatik gertu
Irudien korrelazioa ikusita, Zumea plazan prestaturiko janaria Goikoplazarantz eramaten ari direla ageri da militar taldea. Argazkian, eskuinaldera, ageri den baserria Ondarreta da, gerora, lur horietan Ondarreta Herri Eskola eraiki zuten. Baserri horren parean ageri dira Sasierrota edo Andreurdinarena, Dondiegorena-andia eta txikia eta Errementariarena etxeak. Horiek guztiak eraitsi zituzten eta berriak eraiki.
Kaliforniako Unibertsitateak argitara eman dituen Kale Nagusiko hurrengo irudietan, beheraxeago, Bastero etxea eta beste hainbat eraikin ageri dira. Egun, alegia, Bastero Kulturgunea eta Plaza Morea dauden eremua.
Tolosako irudiak
Bideoan ere Tolosako irudiak ikus daitezke. Nabarmen antzematen da San Frantzisko ibiltokia eta, Andoaingo irudien ostean, Tolosako Alde zaharraren sarbidea eta Arrameleko zubian jarri zuten lubakia.
1936ko irailaren 14a, testuinguruan jarrita
Irudiak behin eta berriro ikusten jarrita, soldaduak kamera aurrean antzezten ari direla agerikoa da. Ez, soilik, otorduan ikus daitezkeen segundu horietan. Kale Nagusiko irudietan ere soldaduen joan-etorria guda betean direla irudikatu nahi dute. Errealitatea bestelakoa zen, ordea, iraileko egun haietan.
Tropa frankistek San Roke egunean hartu zuten Andoain. Abuztuaren 16an, alegia.
Hasteko eta behin, tropa frankistek San Roke egunean hartu zuten Andoain. Abuztuaren 16an, alegia. Errepublikazaleak, tartean abertzaleek, anarkistek, komunistek eta sozialistek Belkoainen eta Buruntzan defentsarako lubakia prestatu zuten, Francoren aldekoei Donostiaranzko bidea ahalik eta gehien atzeratu asmoz. Errepublikazaleen fronteak 15 egunez iraun zuen mendialdean, abuztuaren amaierarako Francoren aldekoek lubaki hori haustea lortu baitzuten.
Francoren aldekoak filmazioa egin zen egun horietan hasi ziren herritarrak atxilotzen eta erailtzen
Irailean, beraz, Andoain sublebatuen eta Francoren aldekoen esku zegoen. Egun horietan, udalerrian geratu ziren herritarrak atxilotzen eta erailtzen hasi ziren errepublikazaleekin aritu zirela leporatuta. Tartean, honako hauek: Esteban Olalde –UGT sindikatuko kidea eta herriko postaria–, Cruz Aldasoro, Nemesio Fernandez, Pio Arzallus eta Miguel Amundarain. Amundarain salbu, gainerakoak ume txikiak zituzten familiaburuak ziren. Gerran parte hartzerik ez zutela-eta herrian geratzea erabaki zuten. Olalde Basteron atxilotu eta Sorabillako kanposantuko horman erail zuten. Gainerakoak Tolosako hilerrian erail zituzten.
Irudi horiek grabatu zituzten egunetan Francoren aldeko tropak Donostian sartu ziren. Hiriburuaren kontrola hartzearekin batera Gipuzkoa konkistatu zutela esan daiteke.