Rukula, Gori Gori eta Marte Lasarte, Andoaingo Rock Jaialdian

Aiurri 2025ko mar. 23a, 11:42

Hiru talde gipuzkoarrek joko dute Aperitif saioan eguerdian, Andoaingo Rock Jaialdiaren baitan. Ekainaren 7an ospatuko da Jaialdia, eta Aperitif saioak herriko hiru jo-leku hartuko ditu: Zumea plaza (12.00), Plaza Morea (13:00) eta Goikoplaza (14:00). 

Joan den ostegunean aurkeztu zuten XVII. Rock Jaialdiaren aurkezpena (Basteron egin zuten agerraldiaren gaineko informazioa, hemen).

 

Rukula, rock dantzagarria

Josu Furundarena Rukula taldeko gitarra-jotzailea Andoaingo Rock Jaialdiaren aurkezpenera hurbildu zen musikarietako bat izan zen. “Oian Agirretxek (bateria), Martxel Arkarazok (bajua), Jon Agirianok (gitarra) eta neuk osatzen dugu taldea. Rock dantzagarria egiten dugu. Lurrean, ahal bada; alegia, gertutasuna dugula gogoko, eta horretarako, publikoarekin kontaktu zuzena edukitzen saiatzen garela”. Furundarenak aitortu zuen laukoteari ilusio handia eragin diola Andoaingo Rock Jaialdiak gonbidapena jaso izanak. “Oraindik orain, Andoaingo gaztetxean jo dugu; harrera polita egin ziguten, eta bigarrengo joaldiak hark bezain zapore ona edo hobea lortzea espero dugu”.

Rukula taldea, zuzenean (Argazkia: Rukula)

Hona Gaztea irratian taldeak egin zuen saioa:

 

Gori Gori, musika elektronikoa

Gori Gori taldetik Ander Fernandez musikaria agertu zen. Gori Gorik musika elektronikoa lantzen duela adierazi zuen. “Errenteria eta Hendaiako taldea gara. Ainara Gurrutxagak eta biok osatzen dugu, eta baliteke Andoainera hirugarren kide bat etortzea; izan ere, bateria-jotzailea sartzeko asmoa daukagu".

Ander Fernandez eta Ainara Gurrutxaga (Argazkia: Gori Gori)

"Nahiz eta rockaren espiritua eduki gure doinuek, estiloaren definizio bat ematekotan, esango nuke elektronikoa dela, klarinetearekin eta maribarekin. Antzerki mundutik gatoz, eta gure zuzenekoek badaukate osagai eszenikotik. Erritmo errepikakorrak dira gureak, eta groove-a bilatzen dugu grabe bortitzekin”.

 

Marte Lasarte, Skakeitan-eko taldekide ohien azkena  

Skakeitan taldeko partaide izan ziren Pello Armendarizek (ahotsa) eta Borja Antonek (gitarra jotzailea) sortu zuten Marte Lasarte, iaz. Geroztik, Alex Alonso (bateria) eta Lore Nekane Billelabeitia (baxu-jotzailea) batu zaizkie.

Marte Lasarte lau musikarik osatzen dute egun (Argazkia: Marte Lasarte)

“Basamortua” abesti-bideoklipa kaleratuz egin zuten beren buruaren aurkezpena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!