Lehen egunak igarota, zein hausnarketa egiten duzu lasterketaz eta esperientziaz? Zein da burura datorkizun lehen pentsamendua?
Lehen esperientzia izateko balorazio positiboa egiten dugu. Antzeman ditugu hobetu daitezkeen xehetasun batzuk eta horretan jarriko gara lanean datorren urteari begira.
Lan handia egin behar izan duzue proba antolatzeko aurretik eta, zeresanik ez, azken astean zein egunean bertan.
Ordu asko eman dugu, hainbat hilabetez. Eta egunean bertan goizeko 09:30etan ekin genion lanari eta gaueko 21:30etan amaitu genuen. Aurreko astea eromena izan zen, baina errazagoa izan da dena sortu dugun talde politarengatik. Alde batetik, klubean bertan. Eta, beste alde batetik, boluntarioekin batera. Proba burutu ahal izan genuen eta pozik gaude.
Zenbatuta dituzue zenbat lagun behar izan zenituzten proba egin ahal izateko?
Lantalde finkoan sei lagun gaude eta boluntarioak, denera, 80 izan dira. Bide-segurtasuna, dortsalen banaketa, kontsigna, lasterkerta irekitzeko eta ixteko txirrindulariak… Probaren xehetasun guztiak betetzeko laguntza handia behar izan genuen, Udaltzaingoa eta Ertzaintza ahaztu gabe. Haiek guztiak ezinbestekoak izan ziren, bestela ezinezkoa litzateke horrelako proba bat antolatzea.
Partaideen ikuspegitik, zer nolakoa izan zen lasterketa? Seinalizazioarekin, antolaketarekin pozik zeuden?
Proba amaitu ostean, asebetetze-inkesta helarazi diegu partaide guztiei eta, orokorrean, lasterkari buruzko erantzun positiboak jaso ditugu.
Egon badira hobetzeko xehetasunak, ziur, eta horretan jarriko gara datozen edizioei begira.
Kirol mailari, lehiari erreparatuta, zer nolako maila izan zuen lasterketak?
Gizonezkoen podiumari erreparatuz gero, sekulakoa da maila. Joanes Goitisolok estatu mailan lasterketa asko irabazten ditu urte osoan. Mikel Arrasatek, iaz, Alpe d’Huez duatloia irabazi zuen eta Urko Herranek Europako eta mundu mailako probatan parte hartu du. Emakumezkoetan Maddi Markez izan zen irabazlea, Aitana Alonsorekin lehia estuan.
Zein izan zen partaideen sentsazioa, proba amaitu berritan?
Hotza. Hori da, gehienbat, aipatzen zutena. Zumeatarra elkarteari esker salda beroa zain zuten helmugan eta hori biziki eskertu zuten.
Euriak, hotzak, haizeak… Zenbateraino baldintzatzen du lasterkari bakoitzaren errendimenduan?
Aranaztegiko eremuan haizeak gogor jotzen zuela zioten. Eta horrek hotz sentsazioa areagotu zuen. Markari dagokionez, euriak nabarmen baldintzatzen du bizikleta gaineko proba arreta berezia eskaini behar delako bihurguneetan.
Antzeman dezaket erantzuna aurreko erantzunetan iradoki duzulako: buruan al duzue bigarren edizioa antolatzea?
Bai. Baietz esango nizuke. Bileran erabakiko dugu baina, printzipioz, bai.
Hurrengo ediziorako irakaspenik atera al duzue? Aipatzeko modukoren bat bai?
Galdera ona. Batez ere, egindako guztia idatziz jasotzea, datozen edizioei begira oso lagungarria izango baita. Eta, bestalde, ikuslegoari eskainitako eremua gehiago mugatzea hainbat eremutan. Bereziki, helmugan eta inguruetan.
Sari berezia zegoen Otietako gaina azkarren igotzen zuenarentzat. Pozik zaudete ideiarekin?
Bai. Pizgarria izan zen hainbatentzat.
Eskerrak nori eman izango duzue. Nori eman eskerrak? Baliatu Aiurrik eskaintzen dizun aukera.
Lehenik eta behin, Andoaingo Udalari eta LKS enpresari. Eurek gabe ezinezkoa litzateke. Udal langileen laguntza ezinbestekoa izan zen. Gainerakoan, esker mila boluntarioei eta laguntzaile guztiei, sari-banaketan lagundu diguten babesle guztiei, Udaltzaingoari eta, bereziki, Gonzalo Sukunzari, Zumeatarrako zuzendaritza-taldeari proba egiteko ideia gauzatzen uzteagatik eta Zumeatarra elkarteari helmugan emandako laguntzagatik.
Duatloian, han eta hemen, aritzen zara. Inbidiaz begiratuko zenien lasterkariei, akaso. Sentsazio hori izan zenuen?
Bai, gainera, ibilbidea nire gogokoa zelako. Euria hasi zenean, aldiz, ez. Hotzari dagokionez, lasterka edo antolatzen, bietan nabarituko nukeen.
Andoaingo Duatloian lanean aritu zinen besteek kirol-jardunaz gozatu ahal izateko. Hurrengo asteetan, bestaldean, kirolarien artean ariko zara. Zehazki zein probatan?
Asteburu honetan Zuian parte hartuko dut eta hiru aste barru Araban ariko naiz. Handik astebetera, Zizurkilen amaiera emango diot duatloien denboraldiari.