Bat-batean, keak inguratuta, arnasteko nahikoa airerik gabe, bizilagun batek baino gehiagok estu ikusi zuen bere burua. Ostiral arratsaldea zen eta, Aita Larramendi kaleko 26. zenbakiko bigarren solairuan piztutako sutearen ondorioz, kea eraikin osora barreiatu zen. Kalera begira, agerikoa zen kea. Eraikinaren barnealdean, behetik gorantz barreiatu zen. Egoera horretan, bat baino gehiago balkoira irten zen aire garbia arnastera. Baina balkoian ere estuasunak medio, suhiltzaileek garabiaren laguntzarekin jaitsi zituzten kalera. Ordurako sutearen aurkako protokoloa martxan zegoen. Kalean bertan ziren udaltzainak, ertzainak, suhiltzaileak eta anbulantzietako sorosleak. Hainbat bizilagun artatu zituzten, kea arnastuta. Ezusteko latza, zorionez, aparteko kalterik gabe bukatu zena. Hori bai, bizilagunek ez dute berehalakoan ahaztuko arratsalde horretan bizitakoa.