Plaza Morean (Bastero) izango da Azoka, gaur zortzi, 10:00etatik 13:00etara. Xehetasun gehiago eskuratzeko, jo daiteke honako helbidera: wwwlanbideheziketa.eus/azoka.
Aurkezpenean hitza hartu zuten Andoni Alvarez alkateak, eta, Andoainen Lanbide Heziketan ikasketak eskaintzen dituzten hiru ikastetxeetako ordezkariek, hots, Iñigo Aizpuru Escivi Bideo eta Zine Eskolako zuzendari ordeak, Xabier Garin La Salle Berrozpeko Lanbide Heziketako zikloetarako arduradunak, eta, Debora Herrero Leizaran Institutuko Arreta Zikloko Mintegi buruak.
Halaber, aurkezpenean izan ziren Arkaitz Alkain (PSE-EE), Imanol Goenaga (PNV-EAJ) eta Pepe Iparragirre (Ahal Dugu-Podemos) zinegotziak.
Alvarezek adierazi zuenez, "beharbada, Andoaingo herritar askok ez dute behar bezala ezagutzen bertako ikastetxeek Lanbide Heziketaren arloan daukaten eskaintza aniztasuna. Hain zuzen, aberastasun hori ikusaraztea da Azokaren helburua".
Zehazki, herrian Lanbide Heziketaren arloan lan egiten duten hiru ikastetxeek 16 eskaintza edo ikasketa ziklo desberdin ikasteko aukera ematen dute, eta horiexen gaineko xehetasunak emango dituzte Azokan, martxoaren 29an.
Eskaintza aberastasuna, hiru ikastetxeen eskutik
Hiru ikastetxetako ordezkariek poza azaldu zuten Azokaren antolaketak elkarlanerako aukera eman dielako batetik, eta bestetik, euren eskaintza gizarteratu ahal izango dutelako.
Ikastetxetako ordezkariek, beren ikastetxearen historia eta filosofia deskribatzeaz gain, egun, nork zer eskaintzen duen azaldu zuten aurkezpen ekitaldian.
La Salle Berrozpe
Xabier Garinek, La Salle Berrozpe ikastetxeak 1735ean duela jatorria azaldu zuen. “Juan Legarra Etxebestek behartsuenentzako seminarioa bultzatu zuen. Salletarrak 1933an etorri ziren Andoainera, ikastetxea kudeatzera, eta jada 1945az geroztik Lanbide Heziketan murgildu zen”.
La Salle Berrozpek LHn ikasketa eskaintza zabala daukala, eta hori hiru espezializazioetan -mekanikan, administrazioan eta elektronikan-, banatzen dela esanez segi zuen Garinek: “oinarrizko mailan elektrizitatea eta elektronika, erdi mailan bi ziklo, soldadura, galdaragintza eta mantenu elektromekanikoa, eta azkenik, goi mailan lau ziklo, administrazioa eta finantza, mantentze lan elektronikoa, fabrikazio mekanikako diseinua, eta, fabrikazio mekanikako produkzioaren programazioa”.
Azkenik, gehitu zuen aurtengo ikasturtean, lehenengo aldiz, espezializazio ikastaroak eskaintzen ari direla, “Lanbide Heziketako master modukoak dira, eta oso ondo pozik gaude berrikuntzarekin”.
Leizaran Institutua
Debora Herrero Leizaran Institutuko Arreta Zikloko Mintegi buruak hartu zuen hitza udaletxean egin zen Azokaren aurkezpenean. “Eskola publikoa da gurea, herritik sortua eta herriaren zerbitzura lan egiteko ideiarekin, eta egun, DBH eta Batxilergoa lantzen du. Bi ziklo eskaintzen ditu giza eta gizarte zientziekin lotura dutena, berez fokua pertsonarengan eta gizartearengan jartzen dutena”.
Institutuan eskaintzen diren ikasketa zikloen berri eman zuen Herrerok: “batetik gizarteratzea goi mailako zikloa, euskaraz eta erdaraz, eta bestetik, mendekotasun egoeran dauden pertsonan zaintza erdi mailakoa, euskaraz”.
Gizarteko populazioa zahartzen ari dela eta zaintzaren arloak berebiziko garrantzia hartu duela gogorarazi zuen: “zaintzaren behar horri modu profesional batean eta gizatasunez erantzuteko oso baliagarriak dira zikloak”. Bestalde, gizarte zikloen premia gizarteko beste arloetan ere ikusten dela ziurtatu zuen: “migrazio prozesuak, adikzioak, arazo soziologikoak… kolektibo horiekin ere egin behar da lan. Are gehiago, ez horiekin bakarrik, baita gizarte osoarekin ere, izan ere, geroz eta gizarte gizatiarragoa eta inklusiboagoa lortu behar baitugu. Xede horri begira, zer esan handia daukate gizarte zikloek”.
Escivi
Iñigo Aizpuru Escivi Bideo eta Zine Eskolako zuzendari ordeak ere historian atzera egin zuen hitzartzean, ordezkatzen duen eskolaren jatorria azaltzeko. “ESCIVi nire aita (Iñaki Aizpuru) erreportaria zen, eta albisteak lantzen zituen, ge-ro nazioarteko kanaletara bidaltzeko. Horretan, ohartu zen erreportarien falta izugarria zegoela, eta errealitate horrek eman zion bultzada, eskola irekitzeko Andoainen 1987an, ikus-entzunezkoen sektorean gazteak hezteko”.
Gogoratu zuenez, ESCIVIk gaur egun sei ziklo eskaintzen diru, bost goi mailakoak (errealizazioa, ekoizpena, argiztapena, 3D animazioa eta soinua), eta erdi mailako bat (DJ bideoa). “Mundu hori ezagutu dezaten laguntzen du eskolak, eta gainera, bidea errazten die etorkizunean goi mailekin edo uniber-tsitatean segi dezaten”. Halaber, lau master lantzen dituela adierazi zuen: zinema zuzendaritza, argazki zuzendaritza, arte zuzendaritza, eta, edizioa eta muntaia.
Eskolak ikus-entzunezkoen sektorean lan irtenbide handiak eskaintzen ditue-la erantsi zuen. “Azkenaldian, pizgarri fiskalak direla eta, filmaketa asko Euskadin kokatzen ari dira, eta egoera horrek profesional espezializatuen eskaera hazi egin du. Bestalde, enpresa guztiek, nahiz eta txikiak izan, komunikazio-sailean jende ikasia behar dute sare sozialetan edukiak zabaltzeko. Era berean, ikus-entzunezkoetako ikasketek jendeari aukera ematen diote bere etxetik, material txikia eduki arren estrategia egokia izanda, edukiak sare sozialetan edukiak zabaltzeko eta horrela bizimodua ateratzeko”.