Udaberrian murgildu berritan, egun osoko egitaraua antolatu zuen joan den larunbatean Buruntzaldeko transmaribibolloen sareak, Andoaingo gaztetxean, “Buruntzaldea kuirra lumakadaka” lemapean. Hutsune bati erantzun nahi diote, kolektiboari tokia egin eskualdean, erreferenteak sortzeko, elkar ezagutzeko zein babesteko. Bada, taldeari ikusgarritasuna emateko aukera ederra izan zen egitaraua, baita askotariko txokotako sexu-genero disidenteak saretzeko aitzakia ere.
Goizean goizetik hasita, zer hausnartua izan zen Andoainen larunbatean, esperientzia kuirren bilduma osatu baitzuten mahainguruan. Nor bere testuingurutik, bere bizipenetik abiatuta, Buruntzaldeko kideez gain, Coimbrako (Portugal) zein Baionako lagunak igo ziren oholtza gainera, toki bakoitzeko errealitateak gertutik ezagutzeko asmoz.
Eguerdian berriz, bazkalaurretik, herriko kaleak hartu zituzten, marianitada musikatuarekin eta, behin tripa bapo beteta, jolasari bide eman zioten arratsaldean, MerendOkarekin. Hala, ilundu bezala, geroz eta jende gehiago gerturatu zen Andoaingo gaztetxera, Euskal Herriko makina bat txokotatik, gaueko egitarauari jarraipena emateko asmoz: Tukanaren performance-a, Alu Zikinak, MJPQ, Dj Azkura... Ordu txikietan ere identitate disidenteek hartu zuten taula, egunarekin estuki loturiko aldarrikapenak ospakizun-giroan ere entzun zitezen.
Aliantzak sendotzeko aukera eman zuen hitzorduak, elkarren arteko konplizitatea estutzeko nahiz indarrak biltzeko parada izan zen, Euskal Herrian, pixkanaka-pixkanaka, egonkortzen ari diren aldarrikapenak sendotzeko bidean. Eskualdean ere utzi du arrastorik egunak, eta abiapuntu ona izan zen larunbata gertuko trasnmaribibolloentzat, Buruntzaldea lumakadaz betetzen jarraitzeko.