"Ez zaitugu bakarrik utziko!" aldarrikatu dute Palestinaren aldeko Elkartasun Egunean

aiurri 2025ko api. 5a, 15:57

Palestinako herritarren aldeko Elkartasun Eguna egin dute Juanita Alkain plazan eguardian, Andoain-Palestina ekimenak antolatuta. Jaki goxoak eta eskuz egindako bitxiak salgai jarri dituzte goizean zehar, eta eguardian, ehun pertsonez osatutako mosaikoa irudikatu dute. Argazki-sorta eta bideoak (ekitaldi nagusia, mosaikoa airez ikusita, eta, Maryama Taleb eta Arixen Carreroren adierazpenak), behean:

Mosaikoaren ekimena amaiturik, honako adierazpena irakurri dute antolatzaileek, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz:

"Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko! nahikoa da esateko! eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helaraztekoi Haritzaren herritik olibondoaren herrira Gernikaren herritik Gazako herrira.

Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago.

Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiagoi Jasanezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago.

Jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea Jasanezina konponbidean pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean.

Begi guztiak Palestinan ditugu eta hemendik, Andoaindik, Euskal Herritik mundu osoan bidegabekeria eta izugarrikeria honen aurka ari den aldarriarekin bat egiten dugu.

Palestinako herriaren eskubide legitimoekin bat eginez, hemen bildu garen euskal herritarrok ere adierazten dugu ez dugula onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik.

Eta irmo adierazten dugu, behar den guztietan jarraituko dugula salatzen Israelen bihotz gabeko gerra politika sionista genozida eta berarekin bat egiten duen ororen konplizitatea.

Palestinaren borroka, justizia unibertsalaren aldeko borroka da, genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da. Gutako bakoitzaren eta gure seme alaben etorkizuneko munduaren borroka da.

Euskal Herritar guziei dei egiten diegu mobilizazioei adi egotekoi Ez kentzeko begirada Palestinatik. Jarraitzeko hemendik salatzen eta konponbidearen aldeko bidea zabaltzen.

Palestina, zurekin gaude! Ez zaitugu inoiz bakarrik utziko!

Gora Palestina Askatuta!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!