Merezitako atsedenaldia hartuko dute Nemesio Zatarainek eta Maite Iruretagoienak

Xabier Lasa 2025ko api. 7a, 08:05

Bertxin Pentsiodunen Elkartean zuzendaritza aldaketa izan da aurten. Nemesio Zatarainek eta Maite Iruretagoienak talde berriari utzi diote elkartearen erantzukizuna, hamabost urtetan jardun ostean

Bertxin Pentsiodunen eta Jubilatuen Elkarteko kideek Basteron urtarrilaren 31n egin zuten urteko batzarrean gauzatu zen zuzendaritzaren aldaketa. Maite Iruretagoienak eta Nemesio Zatarainek gidatu dute batik bat Bertxin elkartea azken hamabost urtetan. Erreleboa eskatzen ari ziren, eta elkarteko zenbait kidek gogotsu hartu diote lekukoa, urtea hastearekin batera.

Elkarteko bazkideek Oianumen martxoaren 1ean egin zuten bazkarian, merezitako aitortza egin zioten bikoteari, hainbat urtetan eduki duten eskuzabaltasunagatik. Iruretagoienak adierazi duenez, “pozik hartu genuen keinu hura, beti baita eskertzekoa zure ondoan dituzunak egiten dizuten aitortza, bihotzez egina delako”.

Biek ez daukate aparteko gauzarik egin izanaren sentsaziorik, baina onartzen dute, norberekeria nagusitzen den gizartean, “harridura” eragin dezakeela “dedikazio handia eta musutruk egitea eskatzen dituen postuan hainbeste urtetan segi izanak”, Iruretagoienak erantsi duenez.

Maite “Nekea sentitu, sentitu dugu, azken urtetan gehienbat. Baina, hortxe segi izan badugu, hasieratik hartu genuen konpromisoari eutsi nahi izan diogulako izan da. Lehenago utzi genezakeen erantzukizuna, baina ez zen aurkezten inor lekukoa hartzeko gogoz. Elkarteak ekimen ugari ditu eskuartean, urtean barrena, eta horiek ezin ziren nolanahi utzi”.

Erronkari heldu dion talde berria hartu du aipagai Nemesio Zatarainek: “Gogoz eta ideia berriekin heldu dira, eta seguru gauzak txukun egingo dituztela. Laguntza behar badute, gertu edukiko gaituzte edozertarako”.

Izatez ere, elkartearen urteko ekimenetan parte hartzen segiko du bikoteak bazkide gisa, eta horietako batean, “Ibili Andoain” ekimenean, adineko jendea elkartzea eta elkarrekin jarduera fisiko osasungarri bat egitea helburu dituen ekimenean alegia, laguntzaile gisa ariko da, orain arte egin duen bezala.

Hori bai, lasaitu ederra hartuko dute honetaz aurrera, Zatarainek aitortu duen eran. “Ardura handia izan dugu gainean, burokrazia eta kudeaketa kontuengatik egunero egoitzan aritu behar horrekin eta elkartearen ekimen guztiak ondo atera zitezen beti kezketan ibili behar horrekin libratuko gara batez ere, hemendik aurrera”.

Bertxin: ekimen beteko elkartea

Biek onartzen dute Bertxin Pentsiodun eta Jubilatuen elkartea agian ez dela nahiko luketen bezain ezaguna herrian, adinez gazteagoak direnen artean batik bat. “Jende askok uste ez badu ere, Andoainen bazkide gehien dituen elkartea da, 900 bat bai, eta kuota txiki baten truk makina bat ekimen eskaintzen dizkie bazkideei urtarriletik hasita urtean barrena”, gogorarazi nahi izan du Iruretagoienak.

Ekimenak zerrendatzen hasi dira biak ere, “memoria ikastaroak eta gimnasiako taldeak, ibilaldia Leitzaranera, egun bateko hiru txango herritik kanpo, bospasei opor-bidai, inauterietan txistorra jateak, bingoa (asteazkenero), Sanjuanetan txapelketak (toka, musa, tutea eta igel-toka), hamaiketakoak, bazkariak, dantzaldia hamabostero...”.

Taberna irekia eta dantzaldia

“Anbrosia Olabide eraikinean, taberna irekia eta dantzaldia, noizko?” da Bertxingo elkarteko hainbat kideek azken aldian egiten duten galdera; urtarrilaren 31ko batzarrean ere errepikatu zuten eskakizuna. Zatarainen hitzetan, “zuzendaritza berriari dagokio gai honetaz mintzatzea, baina dakiguna da sukaldean erreformak  egin direla, eta udaletik agindu zaigunez, bada norbait taberna kudeatzeko konpromisoa hartu duena. Kudeaketarako lehiaketan jarritako baldintzetan taberna eta sukaldea (eguneko menua...) eramateaz gain hamabostean behin dantzaldia antolatzeko ardura hartzea dago. Hortaz, denbora kontua izan beharko luke dena berriro martxan jartzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!