Gorengo Erregionala mailan liga gori-gori dago eta Euskaldunak igoera eskuratzeko aukerak baditu. Liga irabaziz gero, zuzenean igoko litzateke. Bigarren sailkatuta, beste multzoko bigarrenaren aurka buruz buru ariko litzateke igoera lortzeko. Bada hirugarren aukera bat, baina hori oraindik ez dago jakiterik: goi mailatako ligatan izango diren euskal taldeen igoera-jaitsieren arabera, gerta liteke bigarren sailkatuen play-offeko galtzaileak ere igoera lortzea. Emozioa ez da faltako: lau jardunaldiren faltan, igoera eman diezaiokeen aukeren alde borrokan ari da Euskalduna.
Ligari amaiera emateko lau jardunaldiren falta zein da zuen sentsazioa?
Baikorra naiz, izatez. Denboraldiren hasieran jarritako helburua lor daiteke, nahiz eta orain gure aurretik bi aurkari egon. Maiatzeko lehen asteburuan lidergotzan dagoen Roteta etxean hartuko dugu eta, hurrengo jardunaldian, Roteta eta bigarren sailkatua, Orioko, elkarren aurka ariko dira. Argi dugu taldeko kide guztiok: lautik lau irabazita, helburua lortuko dugu.
Aukera hori erreala da: garaipen asko kateatu dituzuelako, jarraian, denboraldi honetan.
Bai, azaroaren amaieran hasita, Santo Tomas Lizeoa lidergotzan zen eta Ubitarten irabazi genien. Lehen postua eskuratu genuen, bolada politari hasiera eman... Asteburuan, hain justu, Santo Tomase Lizeoaren zelaian ariko gara berriro.
26 jardunaldi eta lau puntuko aldea besterik ez dago hiru talderen artean. Marka da gero!
Lehenengo postuan geundenean uste genuen aurkariek atzera egingo zutela, baina ez zen horrela izan. Eta, aldiz, apalaldia guk izan genuen eta haiek, berriz, garaipenei eutsi zioten. Orain, bolada txarrean eurak sartzea espero dugu. Aurreko asteburuan liderrak partida galdu zuen, beraz, lau puntura dugu lidergotza.
Zuek, aldiz, Danena 1-0 garaitu zenuten. Oso hasieran sartu zenuten gola eta, azkenerako, komeriak!
Ez zen denboraldiko onena izan. Etxean gehien kosta zaigun partida izan da. Lehen hamar minutuak oso onak izan ziren eta gola orduan iritsi zen. Baina Danenak estutu gintuen eta ez genuen horri aurre egiten jakin eta, egia esan, gola sartu genuenetik ikaragarri sufritu genuen. Alegia, ia 90 minutuetan. Zorionez, ez genuen golik jaso baina berdinketa ere ez litzateke batere injustua izango.
Jokoan dagoenaren aurrean urduritasunaren eragina izan daiteke?
Baietz esango nuke. Helburua gertu dugu eta puntuak hirunaka lortu behar dira. Igandean berdinketak ez zigun balio. 1-0 irabaziz, majo sufritzen, aurkaria gorantz begira jokatzen… arriskua hor zegoen eta gu urduritzea eragin zuen. Oso talde gaztea dugu eta presio hori kudeatzea zailagoa da.
Baina gerta ala gerta, nahiz eta hirugarren amaitu, denboraldi oso ona egiten ari zarete.
Bai. Oso ona, eta partida onak eginez Ubitarten eta etxetik kanpo ere. Aurreko denboraldian etxetik kanpo puntu asko utzi genituen eta gol gehiago jasotzen genituen. Alderdi horiek hobetzea lortu dugu eta denboraldia biribila da. Baina lehen postua hain gertu ikusita, lehenengo postuan izan garelako, hirugarren goaz eta badirudi balio gutxi duela egiten ari garena.
Kapitaina zara. Ardura gehiago antzematen duzu zure gain, aste hauetan? Jokalariekin etengabe hitz egiten duenetakoa zarelako.
Horrela izan naiz beti, futbola horrela bizi dut. Egia da, batzuetan, gehiegi hitz egiteak jendea urduri jartzen duela baina tokatzen zaigu animoak ematea. Esperientzia handiagoa dugunok betebehar hori dugu. Taldea babestu behar dugu eta gazteei konfiantza eman. Taldekideak, teknikoki, oso onak dira eta beste guztia urteen poderioz iritsiko zaie.
Aste hauetan pittin bat gehiago igoko da inplikazioa?
Hasieratik taldeak bikain erantzun du. Lan saioen maila aparta da, hogeitik gora elkartzen gara prestaketa saioetan eta hori talde izaera indartzeko funtsezkoa da. Futbolaren aurpegi ezberdinak ezagutu ditut eta talde honekin bizitzen ari naizena opari bat da. Aste politak datoz, honaino iritsi gara eta jakitun gara tentsio handiko partidak iritsiko direla. Baina aurrealdean gauden seinale da. Bizirik gaude.
Ez da kasualitatea Aitor Gaztañagak ardura hartu duenetik taldeak izan duen garapena.
Bigarren entrenatzaile zela ikusten zen gogotsu zebilela. Eta, diozun moduan, ez da kasualitatea. Hark taldearen martxa hartu eta partida asko irabazi genituen. Oso intentsoa da, gogoko du futbola eta gure onena lortzen saiatzen da. Lan hori, bereziki, entrenamenduetan ikusten da. Partidatan emaitzak hor daude.
Nola baloratuko zenuke, pertsonalki, zure denboraldia?
Beste rol batean ari naiz, gazteei laguntza ematen. Urduritasuna nabari zitzaidan lehen eta, denborarekin, ikuspegia aldatzen da. Ondokoari aholkuak ematea eta duen onena emateko estutzea dagokit orain. Gustura nago.
Zaletuen bultzada aipatu gabe ezin utzi.
Sekulako babesa ematen digute, txikienetatik hasita. Ubitarte bete egiten da eta, aurrekoan, Orion hangoak bezainbeste ziren gure aldeko zaletuak. Oso eskertuta gaude.