Mintzaldien atalean, Debagoienan oroimen historikoa lantzen duen Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garaik eta Oroituz elkarteko Lurdes Arteagak hartuko dute hitza.
Biktimen aldeko lore eskaintzarekin batera, Maizorri txalaparta eskolako txalapartarien, Urkiko dantza dantzari eta txistularien eta Punttuka bertso eskolako bertsolarien txanda izango da ekitaldiaren lehen partean.
Ekitaldiaren bigarren zatian, herriko zenbait abeslarik eta Gora Kaletxiki txarangak osatutako Banda Errepublikanoaren saioa helduko da. Frankismoaren eta faxismoaren aurkako kantutegiari eutsiko diote, urtero legez. Besteak beste, “A la barricadas”, “Eusko Gudariak”, “Internazionala”, “Len amar lagun giÒan etxean”, “Bella Ciao”, “Ekaitza”... abestiak biziberrituko dituzte. Joxe Mari Oiartzabal zuzendariak Andoaingo biktimen omenez sortutako “Justizia denontzat” abestia ere interpretatuko dute ekitaldian.
Gainera, Banda Errepublikanoak, urtero, abesti bat bere kantutegira eransteko ohitura hartua dauka. Horrela, Pablo Sorozabalen “Gernika” abesti solemnea hautatu du aurtengo ekitaldirako, Nemesio Etxaniz euskaltzaleak abestiari jarri zion letra gehituta.
Sebastopoleko dantzariak
Bandarekin batera, Donostiako Sebastopol Dantza eskolako Jaione Albeniz, Araitz Santamaria, Nora Orbegozo eta Itziar Sistiaga dantzariek saioa egingo dute Alfaro parkean, larunbat eguerdian. Laukoteak badaki zer den Andoaingo ekitaldian dantza egitea lehendik ere, izan ere, 2019an “Al Alba” (Luis Eduardo Aute) abestia koreografiatu zuten, 2023an, “Maravillas” (Fermin Valencia), eta iaz, berriz, “Len amar lagun giñan etxean” (Joseba Tapia). Jaione Albeniz da Sebastopol dantza eskolako irakaslea, eta bera arduratzen da dantza eta koreografien lanketaz. Bere hitzetan, kultura eta estilo anitzen eragina izaten dute berak sortzen dituen koreografiek. Zerrenda luzea du gogoan Alberdik: “Ekialdeko edo India eta Bollywoodeko erritmoak, “Zetaren Bide”ko herrialdeak (Kazakhastan, Kirgizistan, Azerbaian, Tajikistan, Turkia, Turkmenistan…), edota, herrialde buhameak (Rajastan, Egipto, Turkia, Errumania, Hungaria...)”.
Andoaingo ekitaldira ilusio handiarekin etortzen direla aitortu du Alberdik. “Izugarrizko erronka da guretzat Andoaingo Bandak estreinatzen duen abestia koreografiatzea; saiatzen gara gure mugimenduak doinura ondo moldatzen, eta egia esan, emaitza beti izan da polita, entzuleek biziki eskertu izan digute. Bestalde, desberdina ere egiten zaigu ekitaldi horretan saioa burutzea, zelaian izanik oinetakoekin aritu behar baikara. Baina guztiaren gainetik, hunkigarria da guretzat Andoaingo dantza-saioa; errespetu handia eragiten digu frankismoko biktimen aurrean dantza egiteak”.