Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren webgunean ikusgai dago. Bertan zehazten denez, “Sareak airearen kalitateari buruzko araudiak ezartzen dituen kutsatzaileak aztertzeko eta neurtzeko sentsoreak ditu; batik bat, sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NO eta NO2), ozono troposferikoa, karbono monoxidoa (CO), bentzenoa eta partikula esekiak (PM10 eta PM2.5)”.
Arazo gehien eragiten dituen kutsatzaileetako bat material partikulatua da. Partikula esekiak dira (gaztelaniaz, partículas en suspensión) eta bi aldaera hartzen dira aintzat:
- PM10, 10 µm-tik beherako diametroa duen material partikulatua.
- PM2.5, 2.5 µm-tik beherako diametroa duen material partikulatua.
PM2.5-a da, ustez, Andoaingo airearen kalitate txarraren sortzailea
Aldagai hori aztertzen hasita, azken hiru egunetako batez bestekoa 2025eko handiena izan da: 27, 33 eta 26, hurrenez hurren. Arnasketa arazoak sortzen dira maila horretara iritsita. Izan ere, ikerketa gehienek adierazten dute 12 μg/m³ edo gutxiagoko PM2.5-maila osasungarritzat jotzen dela, esposizio-arrisku gutxirekin edo batere arriskurik gabe. Maila 35 μg/m³ baino handiagoa bada 24 orduz, airea osasungaitzat hartzen da, eta arnasketa-arazoak eragin ditzake asma duten pertsonen artean.
Material partikulatua
Ingurumen Sailak emandako informazioaren arabera, bi jatorri izan ditzake material partikulatuak:
- Naturala: itsas-aerosola, minerala, polena edo landareek igortzen dituzten substantzia organikoak.
- Antropogenikoa: zirkulazioa, industria, eraikuntza-lanak, etxeetako berogailuak.
Zuzenean igorri daiteke: diesel motorren kedarra edo zementu-fabrikek edo altzairu-fabrikek igorritako partikulak kasuetan. Edo, zeharka, eraldaketa kimikoek sorrarazitakoa, nitratoak eta sulfatoak kasu.
Goizean, hainbat orduz, daturik gabe
Aiurriko erredakzio-taldea datuen lanketan ari zela, goizeko tarte batean Euskadi.eus webgunean Ozonoaren eta PM2.5aren neurgailuek informazioa emateari utzi diote. “Daturik gabe” ageri ziren eta, ondorioz, Andoaingo aldagai orokorra berriro berdean ageri zen. Gerora berriro martxan jarri dute PM2.5ari dagokion neurgailua eta goizeko 11:30ak aldera horiz ageri zen Andoain. Ordu honetan, Andoaingo airearen kalitatea ez da txarra, erdi-purdikoa baizik. Euskadi osoan, ona eta oso ona ageri den bitartean.
Airearen kalitate txarraren arrazoia zein izan daiteke?
Grafikoek erakusten dutenaz gain, Aiurri harremanetan jarri da erakunde ezberdinekin eta ordu honetan esan daiteke Andoaingo Udaleko Ingurumen saila egoeraren jarraipen zehatza egiten ari dela. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri dira informazio gehiago lortu asmoz.
Polen maila handia, Rikardo Arregi kalean egiten ari diren lanak, asteko trafiko-pilaketak... arrazoien artean horiexek izan daitezke batzuk. Baina, akaso, ez dira bakarrak. Izan ere, nabarmena da Euskadi osoko eta Andoaingo neurgailuen artean dagoen aldea.
Neurgailua, Aita Larramendi ikastola eta Osasun Etxearen artean
Datuek Rikardo Arregi kaleko neurgailuetan dute sorburua.