Frankismoaren biktimak gogoan hartu eta justiziarik ezagutu gabe segitzen dutela salatu dute

aiurri 2025ko api. 12a, 21:01

Andoainen frankismoak eraildako eta eragindako gainerako biktimak gogoan hartu dituzte Miranda pasealekuan egin duten ekitaldian. Mintzaldiez gain, musika, bertsoak, abestiak eta dantza izan dira ekitaldian. Kronika, argazki-sorta eta bideoak, hemen:

Oroituz elkarteko Lurdes Arteagak eta Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garaik euren hitzartzeetan salatu dutenez, frankismoaren biktimek eta bere familiarrek demokrazian ez dute egiarik, justiziarik eta aitormenik ezagutu.

Arteagak, “Goiztirian, arimaren garrasia” eskulturaren aurrean egin den ekitaldia eta antzekoak aldarrikatu ditu, ”beharrezkoak dira gaur egun espainiar estatuan ultraeskuindar faxistaz jantzita agertzen den frankismo soziologiko hori salatzeko”. Aitortu du belaunaldi berrien zati bat irensten ari dela Francoren basakeriak ukatuz frankismoa goraipatzen duen diskurtso negazionista, eta errealitate horri aurre egiteko, “gaur omentzen ari garen jendearen memoria historikoaren transmisioa baino gauza hoberik” ez dagoela ziurtatu du.

Nolanahi ere, gogoratu nahi izan du ultraeskuinaren aurkako salaketa horrek ez lukeela ezkutatu behar mende erdiko demokrazian erakundeek eta klase politikoak frankismoaren biktimekin erakutsi duten utzikeria historikoa. “Trantsizioarekin, isiltasuna eta amnesia aplikatu zituzten, eta, ondorioz, igaro diren 50 urte horietan, frankismoaren milaka, milaka eta milaka biktima joan zaizkigu, egia, justizia eta errekonozimendu ofiziala ezagutu gabe”.

Ildo beretik mintzatu da Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garai. Hain zuzen, azken mende erdian (1975-2025) eman den memoria historikoaren berreskurapen prozesuari begira jarri da, eta alor horretan herrietako memoria taldeek egindako lana goraipatu nahi izan du. “Franco lurperatzean, frankismoaren biktimen senideok argi geneukan frankismoa ez zela desagertzen. Amnistiak, gaur egun ere justizia lortzeko oztopo dena, libre utzi zituen kriminal guztiak. Instituzioak kontuan hartu gabe, eraildakoen senideak lehenengo eta Talde Memorialistak gero, gerra galdu zutenen historia berreskuratzen hasi ginen. Urte askotan entzun behar izan genuen zer esaten ziguten erreforma frankistaren alde zeuden alderdiek: "ez da zauri zaharrik ireki behar", "ahaztu egin behar da". Guk nahi genuena zauri horiek itxi ahal izatea zen”.

Garaik gehitu duenez, 2002tik hona, alderdi politiko horiek jarrera aldatu egin dute. “Ukaziotik talde memorialistei laguntzera pasatu dira, baina beti ere erreforma frankistaren zutabe nagusiak zalantzan jarri gabe, amnistia zalantzan jarri gabe, aparatu frankistak garbitu gabe... Frankismoaren erreformak biktimengan izan zituen ondorioez ez dira inoiz damutu. 1977tik 2002ra, frankismoaren biktimei egindako erreparazio bakarra talde memorialistok egin genuena izan zen”.

Azken hamarkadetan frankismoko krimenekiko zigorgabetasuna nagusi izan dela salatu du Garaik. “Oraindik, eta datorren urtean 90 urte betetzen dira, guk ere ez dugu ezagutzen gure senitartekoekin gertatutakoaren egia osoa. Sekretu Ofizialen Legearekin ezin dugu jakin zer dagoen poliziaren eta guardia zibilaren artxiboetan. Justiziaren eremuan ez da ezer egin. Bada garaia epaileak gure senideekin gertatutakoa ikertzen has daitezen”.

 

Hainbat kulturgileen parte hartzea

Ekitaldian, kulturgile ugarik hartu du parte: Maizorri Txalaparta elkarteko Jon Urtasun eta Ekaitz Ollok, Olagain Udal Txistulari elkarteko kideek, Urki dantza taldeko Ander Egañak, Punttuka bertso eskolako Beñat Belokik, Abesbatza Errepublikanoak, Gora Kaletxiki txarangak eta Sepastopol dantza eskolako dantzariek.

Beloki bertsolariak honako bi bertso abestu ditu:

Etorkizuna ez dago garbi,

dauzkagu hainbat aukera

eskuin joerak apurtu eta

irten gaitezen kalera

aberri zarra defendatuaz

ahoan beti euskera.

Gure arbasoek hala nahi zuten

ta etzuten egin atzera.

Herri libre bat egin dezagun

jarraitu denok aurrera.

 

Gaurkoan ere elkartu gera

fusilatuen parean

koldartu gabe egon zirenak

tropa frankisten aurrean,

herriagatik borrokatuaz

geratu ziren bidean,

sufrikario latza pairatu

familiakoek etxean.

Agur ta ohore zuei guztioi,

zaituztegu bihotzean.

 

“Gernika” abestia, Palestina gogoan hartuta

Abesbatza Errepublikanoak eta Gora Kaletxiki txarangak hainbat borroka-abesti interpretatu dituzte. Besteak beste, “EL paso del Ebro”, “Eusko Gudariak”, “A las barricadas”, “Justizia” edota “Internazionala”. Era berean, Sebastopoleko dantzariekin batera, Pablo Sorozabalen “Gernika” plazaratu dute, Joxe Mari Oiartzabal musikariaren zuzendaritzapean.

Abestiari ekin aurretik, Gernika eta Palestina parekatu dituzte: “Gernika, herri askok pairatzen dituzten bidegabekeria guztien protesta oihua da. Gernika entzutean, ezinezkoa da beste Gernika horietan ez pentsatzea, non herri errugabeak gerraren eta interes politiko eta ekonomikoengatik zapaltzen diren. Mingarria da aspalditik Palestina jasaten ari den genozidioa”.

 

Kotoin bazkaria

Ekitaldian parte hartu duten hainbat lagun Kotoi elkartean bildu dira ondoren, bazkaritan. Auzoetako jai batzordeetako zenbait kide aritu dira sukalde eta zerbitzu lanetan Etxeberrietako elkartean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!