Pablo Barrutia iazko apirilaren 26an hil zen, eta ezinbestekoa da emazte eta lankide izan zuen Miren Argi Weill-eri harengatik galdetzea: “Ezagutu zuen edonork aitortuko dizu oso pertsona eskuzabala zela, ongilea, jendartekoa, sukaldaritza maite zuena, bezeroak sukaldera sartzera ere gonbidatzen zituen horietakoa zela”.
Weillek aitortzen duenez, pertsona ugari dira kalean topo eginez gero hasten zaizkionak kontu-kontari, Buruntza taberna-jatetxea aipatze hutsak ekartzen dizkien oroitzapen gozoekin lotuta. Izan ere, bertako produktuekin landutako sukalde tradizionalagatik nabarmendu izan zen betidanik Buruntza, eta horrexegatik zen hain estimatua. Dena esatera, arrazoi horri, bigarren bat erantsi beharko genioke, sarrerako atea gainditu orduko bertan jaso ohi zen tratu gozoa, alegia. “Igual ez dago ondo neuk esatea, baina bezeroek asko maite gintuzten, eta Buruntzara etortzen zirenean, beren etxean baleude bezala sentitzen ziren; hala senti zitezen saiatzen ginen”.
Berez, Buruntza jatetxea Pablo Barrutia eta Pepi Urretabizkaiak ireki zuten 80ko hamarkadaren hasieran. Ondorengo urteetan, Barrutiak eta Weillek eman zioten jarraipena. Biak ziren sukaldariak, eta tabernan zein jangelan bezeroei zerbitzatzen, berriz, Weill bera, eta Karmele Telleria, Mode Murillo, Gema Diaz eta Joxetxo Izagirre aritzen ziren.
Ateak beti zabalik zituen taberna-jatetxea
Urteko egun guztietan irekita eduki ohi zuten Buruntza. “Inoiz ez ixteko moldatzen ginen, eta oporrak hartzeko ere ia ez genuen denborarik hartzen”. Negoziora erabat lotutako bizimodu hori nekeza eta eraman ezina irudituko zaio bati baino gehiagori, baina ezezkoa dio Weillek: “Egia da ordu asko eta asko sartu izan ditugula Buruntzan, kalera paseatzera ateratzeko ere kasik denborarik ez edukitzeraino; Pablo beti barruan geratu ohi zen, eta neu familiaz arduratzeko edo enkarguak egiteko bakarrik ateratzen nintzen kalera. Nolanahi ere, negozioarekin eta bezeroekin sentitzen genuen konpromisoak erabat lotu gintuen hara. Argi dago bezeroek eskertu ez baligute konpromiso hori, ez genuela iraungo urtetan bizimodu horrekin”.
Ateak eguneko ia ordu gehienetan zabalik edukitze hori Kaletxikiko jaietan areagotu egiten zela sekula baino gehiago, aipatu du adibidetzat Weillek. “Jai batzordea txosna jartzen hasi zen arte behintzat, ez genuen ateak ixteko ohiturarik eduki, festak hasi eta bukatzen ziren bitartean. Auzoko festa handiak ziren, jendeak festa-giroa luzatu nahi izaten zuen ordu txikietan barrena, eta ahaleginak merezi zuela iruditzen zitzaigun, nekagarria gertatu arren”.
Familia-giroko taberna-jatetxea izan zedin ahalegindu ziren hamarkadetan, eta, horri esker, Kaletxikiko auzoari eta Andoaingo herriari egin zien ekarpena ez zela gutxi izan adierazi du Weillek. “Izan Udala, izan herriko era guztietako elkarteak, izan kuadrillak, izan familiak... Guregana konfiantzarekin etorri ohi ziren holako edo halako eskaera eginez, jakinda ahaleginduko ginela moldatzen. Haurren urtebetetze festak, jaunartzeak, senar-emazteen urteurrenak, kintoen bazkariak, Rock Jaialdira etorri ohi ziren atzerriko musikariak... Harrera goxoa eta zerbitzu egokia eskaintzen geniela esango nuke, hurrengo batean ere berdin agertzen baitziren”.
Eguneko menu preziatuak
Famatuak ziren Buruntzak astegunetan eskaintzen zituzten menuak; alde horretatik, Weillek gogoan ditu zenbait urtetan, bezeroek nola egon behar izaten zuten ilaran tabernan, jangelan zeudenak mahaitik noiz altxako zain. Denboraren poderioz, taberna-jatetxean lan-taldea osatzen zuten nagusi eta zerbitzariek harreman estua egin zuten eguneroko bezero horietako askorekin. “Ahazten ez diren konplizitateak sortzen dira horrelakoetan, ostalarien eta bezeroen arteko ohiko harreman hotza gainditzen dutena”, Weillen esanetan.
Luzea eta amaigabea da eguneroko otorduekin gozatzera behin eta berriro azaldu ohi zitzaizkien bezeroen zerrenda: “Gudarien edo Ama Kandida bi etorbideetan kokatzen diren makina bat tailerretako langileekin hasi, La Salle Berrozpe ikastetxeko edo Berria egunkariko langileekin segituz...”.
Langileak aipatzen hasita, Añorga auzoan jatetxe baten ardura nola hartu zuten zenbait urtetan, gogora etorri zaio Miren Argi Weilli. “1999-2005 epean, Buruntzakoa eusteaz gain, AÒorga auzoko Jolas Etxea taberna-jatetxea eraman genuen. Egunero-egunero, Rezola harrobiko makina bat langileri eman genion jaten. Primeran generaman hango martxa, baina nekagarria gertatu zitzaigun biei eustea, eta penaz, utzi egin behar izan genuen azkenean”.