Andoaingo airearen kalitatearen aferan arazo teknikoak argudiatu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak

Aiurri 2025ko api. 15a, 07:59

"Arazo tekniko bat egon da Andoaingo aire neurketa egiteko unitatean", hori da Aiurrik egindako galderari emandako erantzuna. Akatsa zertan den aztertzen ari dira, egunotan, teknikoak.

Eta, antza, arazoa konpondu ostean datu zuzenak jarriko dituztela erantsi du Ingurumen Sailak. Bestalde, Euskadi osoko mapan honako esaldia ageri da egunotan: "Orduro argitaratzen diren datuak neurtzaile automatikoek denbora errealean jasotako baloreak dira eta balidatzeko zain daude. Beraz, datu hauek behin-behinekoak dira eta berrikusi daitezke".

Ozonoaren neurgailua, apirilaren 7tik daturik gabe

EAEko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak EAEko lurralde osoko ozono-maila zaintzen du, estazio-sarearen bitartez. Andoainen, bada, apirilaren 7tik ez du daturik ematen. Ez, behintzat, modu publikoan. Izan dira 2025ean daturik eman gabeko egunak, baina ez da orain arte horrelako isilaldi luzerik izan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!