Bazkardoko lotune berria hizpide hartuta, Foru Diputatuaren agerraldia Batzar Nagusietan

Jon Ander Ubeda 2025ko api. 16a, 17:41

Felix Urkola, atzoko agerraldian.

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuko foru-diputatu Felix Urkolaren agerraldia bere ekimenez egin zen, "Bazkardon (Andoain) A-15etik N-Iera zuzenean lotzeko proiektuaren inguruan argibideak emateko" izenburupean aurkeztu zutena.

Agerraldia bideoz ikus daiteke, bideoaren leihoan klik eginez.

Martxoaren 17an hedabideen aurrean iragarritakoa berrestera zetorren, atzokoan, Felix Urkola Foru Diputatuaren agerraldia. Minutu gutxiko agerraldia izan zen Batzar Nagusietan, ordezkaritza politikoa duten gainerako batzarkideen galderekin osatu zena.

Ezaguna denez, trafiko-pilaketei irtenbidea emateko lazo itxura duen lotunea bideratzea proposatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urkolak bere agerraldian irudi-muntaiak erakutsi zituen. Tartean, honakoa:

Atzokoan emandako datuen arabera, egunero, 18.500 ibilgailu igarotzen dira errail bakarreko lotunean, N1arekin Tolosaranzko norabidean bat egiteko erabiltzen den horretan. Lazoak onura baduela esan zuen Urkolak: “Lotune berria herrigunetik urrunduko litzateke eta, ondorioz, aukera berriak zabalduko lirateke Mimendi parean errepidea estali ahal izateko". Hori, bada, gerora izango da. Izan ere, oraingo lizitazioa lazora mugatzen da soilik. Lazoa egiteko 43 milioi euroko aurrekontua aurrikusten da. Egitasmoaren eredakzioa lizitatzear dago eta obren exekuziorako lizitazioa 2026an argitaratuko litzateke.

Alderdi politikoen txanda

Bideoan ikusgai dago solasaldi osoa. Laburbilduz, alderdiz alderdi, hona atzokoak utzitakoa: Podemoseko Etxebestek zehaztapen gehiago jasoko zuela aitortu zuen eta udalerriak pairatzen duen trafikoa, kutsadura eta zarata hizpide izan zituen. PPko Mikel Lezamak euskara hutsean egin zuen bere interbentzioa eta, C2arekin alderatuta, oraingoa hobea zela aitortu zuen. Egitasmoa aurrera eramateko dirua mugatzat edo aitzakiatzat hartzea ez zuela batere gustuko erantsi zuen. PSE-EEko Albistegik, birritan, Andoaingo Udal Gobernu taldearen jarreraz eta eurekin izandako komunikazioaz galdetu zion Urkolari. Honek harreman zuzena zegoela erantzun zion, eta ez zuen gobernu taldeak izan ditzakeen iritzi edo ikuspegietan sakondu nahi izan uste zuelako ez dagokiola berari hirugarren pertsonen ustea azaltzea. EAJ-PNVko Otxoak bat egin zuen alderdikide duen Tolosak adierazitakoarekin. EH Bilduko Bordesek, besteak beste, Andoaingo Udalak herriko eragileekin osatutako mahaia eta abian jarri den prozesuaz hitz egin zuen.

Bileran, ikusleen artean izan ziren, C2ak kaltetutakoen plataformako eta Sorabilla Auzo Elkarteko hainbat herrikide.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!