Auzoko festak dira, auzolanean egiten direnak

Jon Ander Ubeda 2025ko api. 28a, 08:00

Aiurri astekaria hainbat batzordekideekin elkartu da, jaien antolaketa gertutik ezagutu asmoz.

Apirilaren 30etik maiatzaren 4ra doazen bost egunetan hamaika hitzordu izango dira Santa Kruz jaietan. Festazaleen begietara hori da, hori, pagotxa! Kontzertuak, kirol jarduerak, jana eta edana... egitarauari erreparatuta, hitzordu asko klasiko bilakatu dira Santa Krutz jaietan. Askoren artean, danborradak, sagardo dastaketa, ikurriñaren jaitsiera... Badira, aurten, berrikuntzak. Nabarmenena, gaztetxoei begira antolatu duten tirolina. Zaharrak eta berriak, klasikoak eta berritzaileak, guztiak egin ahal izateko ezinbestekoa da antolatzaileen lana. Ardura eta erantzukizuna da, eta ikusten ez den lan asko dago aurretik. Jai Batzordeak badu bere alde inguruan dituen eragileak eta boluntarioak: behar-beharrezkoak dira hitzordu guztiak egin ahal izateko. Gainerakoan ezinezkoa litzateke. Aiurri astekaria hainbat batzordekideekin elkartu da, jaiak asteko bi asteren faltan: "Gabonen aurretik lehen bilera egiten dugu eta, urtarriletik aurrera, astero-astero zortziko lantaldea martxan jartzen gara. Baina ezin aipatu gabe utzi inguruan dugun boluntario taldea. Haien ekarpena ezinbestekoa da, bereziki, ekitaldi jakinetan. Batzuk aipatzen hasita, auzo bazkariari begira lantalde bat ari da lanean. Eta, bermouth musikatuaren kasuan ere, beste hamabost bat lagun ditugu lotuta". Auzoko festak dira, beraz, auzolanean egiten direnak.

Iaz, sei eguneko ospakizuna; aurten, bost egun dira

Tetris modukoa da egitaraua osatzea: "Ekitaldi asko txertatu behar dira bost eguneko egitarauan. Iaz, esaterako, lasaiago geunden  egun bat gehiago izan genuelako. Ez luke horrela izan behar, baina ekitaldi guztiak egitarauan txertatzeko lana buruhaustea da. Nahi gabe ere, tarteka, ekitaldiak pilatu egiten baitira". Aurten estuasunak izan badituzte, zer izango da 2026an? Apirilaren 30a osteguna izango baita, eta maiatzaren 3a igandea. Logikaz, lau egunetara mugatu beharko lituzkete jaiak. Baina, gero gerokoak. Lehenik eta behin aurtengoak antolatu behar dira.

Jaietako otorduak, arrakastaren bidetik

Kuadrillen egunekora eta auzo bazkarira hurbiltzen den festazaleen kopurua handitzen ari da, urtez urte. Kuadrillen Eguneko bazkaria, esaterako, nabarmen hazten ari da. Ondotxo dakite hori antolatzaileek, eta gerora begira, urratsez urrats joatea erabaki dute: "Iaz, 500 txartel saldu ziren. Aurten, 600. Kolpetik txartel gehiago saltzea jauzi handia da guretzat. Hobe pixkanaka joatea eta igoera bakoitzari neurria hartzea".

Auzo bazkarira ere geroz eta jende gehiago hurbiltzen ari da. 2022tik 2024ra larunbatarekin egin dute bazkaria eta, horrek, akaso, igoeran izan du eragina. Aurten, ostegunarekin izango da, maiatzaren 1ean. Antolatzaileek pazientzia eskatu dute, eta kopurua mugatua izango dela aurreratu: "Iaz, eskura genituen mahai guztiak atera genituen. Eta aurten ere horrela izango da. Baina jakin bezate denek mahai kopurua mugatua dela. Bazkaltzeko ordua iristen denean, mahaiak hartzeko zain direnei, pazientzia eskatu nahi diegu".

Tirolina, gaztetxoak aintzat hartu nahian

Aurtengo egitarauan aipagarria da tirolinaren iragarpena. Maiatzaren 3an, goizez eta arratsaldez,  tirolina iragarrita dago. "Bada adin tarte bat zeinean eskaintza zehatzik ez dagoen eta, bereziki, 12-16 urtekoak aintzat harturik Leitzaran erreka igaroko duen tirolina antolatu dugu. Ur maila ez bada gehiegizkoa, egingo dugu. Eta maiatzaren 3an egiteko aukerarik ez badago beste egun batean egingo dugu". Zerbitzu profesionala eskainiko dute horretarako. Lan horietan trebatuta dagoen enpresa bat kontratatuko du Jai Batzordeak. Zubiarren parean, Kale Nagusiaren eta Espigoiaren artean jartzeko asmoa dute tirolina.

Jaietako azken hitzordua Zubiaurre etxean

Jaiak, hasi bezala, Zubiaurre etxean amaituko dira. Iaz, igande gauean, Zubiaurre etxean zegoen ikurriña kendu zuten. Lagunartean egin zuten eta aurten egitarauan txertatzea erabaki dute. Amaiera sinbolikoa eman nahi diote jaiari:  "Santa Krutz martxa megafonian jarri eta bertaratzen direnei zarata egin dezaketen kazuela edo danborra jaistea eskatu nahi diegu. Amaiera popularra eman nahi diogu jaiari".

Jai Batzordeko kideekin solasaldiari amaiera eman aurretik bi aztergai gehiago hartu dituzte hizpide. Lehena, jaiak auzora zabaltzeko borondatea: "Antolakuntzaren ikuspegitik errazena litzateke ekitaldi gehienak Zumea plazan egitea. Baina gure borondatea jaia auzune osora zabaltzea da. Horrexegatik ekitaldi asko toki ezberdinetan egiten ahalegintzen gara".

Jaiak iristear dira eta gehien-gehienak egitarauari erreparatzen ariko dira. Azalean hasita, aurtengoa 1960ko jaietan erabilitako azal bera da. Arrazoia? Afitxa egiten duen sortzailea kanpoan da eta, besterik ezean, aspaldiko azala berreskuratzea erabaki dute. Ez da lehen aldia, bada aurrekaria: Urte asko atzera, antzeko egin zuen orduko Jai Batzordeak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!