Lier Sarasola, Maddi Azpiroz eta Aiala Irulegi, EIO Orkestrarako hautatuak izan dira

Aiurri 2025ko api. 25a, 12:54

Lier Sarasola, Maddi Azpiroz eta Aiala Irulegi (Argazkia: Aiala Irulegi)

Lier Sarasola Fernandez (perkusioa), Aiala Irulegi Mungia (flauta) eta Maddi Azpiroz Roca (kontrabaxua) Andoaingo musikari gazteak EIO Orkestran jotzeko aukeratuak izan dira, eta egunotan Euskadiko Orkestrarekin batera kontzertuak ematen ari dira. 

Euskadiko Ikasleen Orkestra, musika kontserbatorio eta eskoletako 15 eta 19 urte bitarteko ikasleek osatzen dute. Otsailean burutu zituzten bertan izan zituzten hautaketa prozesuko entzunaldiak, eta orduan izan ziren hautatuak Andoaingo hiru gazteak.

 

Kursaalean, gaur

Gazte ikasleek eta profesionalek elkarrekin, hirugarren kontzertua emango dute Kursaalean, gaur, 19:00etatik aurrera. Aurreko egunetan, Gasteizen eta Bilbon egin dute emanaldi bana. 

Ikuskizun handia piztu dute hiru kontzertuek, eta gaurkorako jada agortuta daude gonbidapenak.

Lau andoaindar izango dira Kursaalean gaur: Lier Sarasola, Aiala Irulegi eta Maddi Azpiroz ez ezik, baita Euskadiko Orkestran aspaldian biolin-jotzailea den Larraitz Oiartzabal Zuriarrain ere.   

Etorkizuna izenburua jarri diote kontzertuari, eta honako kantutegiarekin osatuko dute:

- Finlandia, op.26. Jean Sibelius.

- Enigma bariazioak, op. 36 (IX. bariazioa: Nimrod). Edward Elgar.

- Igor printzipea. Dantza Polovsiarrak. Aleksandr Borodin.

- Danzon. 2 zbk. Arturo Marquez.

- 1812 Obertura, op. 49. Piotr Iilich Tchaikovsky.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!