Aisialdia, natura eta jarduera fisikoarekin lotutako eskaintza zabala, udari begira

Aiurri 2025ko api. 28a, 09:46

Andoni Alvarez alkatea, Belen Gonzalez, Diego Barrasa eta Txitxu Ruiz zinegotziak eta Hilario Dorronsoro eta Ixiar Olano teknikariak, agerraldian

Aisialdia, natura eta jarduera fisikoa batuko dituzten “Goazen jolastera”, “Leitzaran Abentura” eta "Kirol jarduerak" ekimenetan banatuko da Udalak aurtengo udari begira prestatu duen eskaintza.

Udal ordezkariek eta teknikariek joan den ostiralean eman zuten eskaintzaren berri, udaletxean egin zuten agerraldian.

Egunotan, etxeetako postontzietan ari dira banatzen hiru ekimenen gaineko xehetasun guztiak azaltzen dituen esku-orria.

 

“Leitzaran abentura”

Gazteria sailak antolatuta, 2009 eta 2014 bitartean jaiotako Nerabeei zuzentzen da ekimena, eta maiatzaren 5etik 23ra bitarte eman ahal izango da izena.

Udaleku gisa prestatu da, Leitzaran bailaran bertan burutuko da; natura, kirola eta aisialdia uztartzen dituzten jarduera ezberdinek osatuko dute. Hain zuzen, bi txandatan banatuko da: lehena ekainaren 30etik uztailaren 11ra bitartekoa, eta bigarrena, uztailaren 14tik 24ra, honako ordutegiarekin: astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:00etara izango da. Bederatzi gazteez osaturiko taldeak izango dira, eta 84 euro ordaindu beharko dira. Online egin beharko da izen-ematea, www.andoain.eus orrialdean.

 

“Goazen Jolastera”

2017 eta 2022 bitartean jaiotako haurrei zuzendutako udaleku irekiak dira, eta era askotako ekintzak (lantegiak, jolasak, eskulanak, txangoak...) batzen ditu.

Hiru txandatan banatuko da: ekainaren 23tik uztailaren 11ra; uztailaren 14tik 24ra; eta, ekainaren 23tik uztailaren 24ra).

Izena emateko epea, maiatzaren 5etik 23ra bitartekoa izango da. Online egin daiteke www.andoain.eus orrialdean edo bertaratuz Gazte Lokalean (astelehen eta astearteetan 10:30tik 12:30ra eta asteazkenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara).

 

“Kirol Jarduerak”

“UDA 2025” egitarauaren barruan, haur nahiz nerabeei bideratutako “Goizean kirolean” kirol udalekuak eta igeriketa eta teniseko ikastaroak antolatuko dira, batetik.

Bestetik, helduei honako jardunak eskainiko zaizkie: igeriketako hastapena eta hobekuntza, K-Stretch, Yoga, Aquagym, Pilates, Zunba-fit, Spining, Kross training, Pump, GAP eta 65 urtetik gorakoentzako soinketa.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lan sailak antolatuko ditu ekintza guzti horiek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!