Santa Krutzeko Ezpata dantzariek “Bandera arboltzea” egingo dute

Aiurri 2025ko api. 28a, 15:01

Joxema Setien, Koldo Antolines, Iñaki Arregi eta Asier Garmendia, joan den astean entseguan

Santa Krutzeko Ezpata dantzariek “Bandera Arboltzea” deitzen den erritua erantsiko diote maiatzaren 3an egin ohi duten dantza-saioari, berrikuntza gisa. Era horretan, Santa Krutzeko Ezpada Dantzarien Kofradiaren Bandera zubian dantzatuko dute. Egunotan prestaketa lanak egin dituzte zubian bertan. Entseguaren zati bat, ikusgai bideoz (behean):

Goizeko 10:00etatik aurrera gauzatuko dute erritu hori, Udal ordezkariek txistularien eta eskopeteroen laguntzarekin egin ohi duten Andoaingo Banderaren Jaitsiera-ekitaldia Zubiaurrera iritsi aurretik; Goikoplazatik abiatu eta Kale Nagusian behera doazela, hain zehazki.

Euskal Herriko hainbat lekuetan (Beasain, Iruñea, Lesaka, Doneztebe, Berriz, Durango, Erronkari...) egin ohi da “Bandera Arboltzea” edo bandera dantzatzea. Halaxe adierazi du Andoainen Ezpata Dantza berreskuratzen aritu den Ikerfolk elkarteko Iñaki Arregi kideak. “Ezpada Dantzak eta antzeko errituek aukera ematen dute aberasten joan daitezen, eta hamaika motibo badaude hala egin ahal izateko”.

Bandera-zainak egingo du lehenbiziko bandera dantzatze saioa, eta ondoren Ezpata dantzariak haren azpitik igaroko dira, lasterka; Santa Krutzeko zubian egingo da zeremonia hori guztia.

Ekintza ikusgarria izango dela espero du Arregik, “polita izaten da bandera airean dantzan ikustea, eta haizearen fir-fir hotsa entzutea ere. Banderak kantatu egiten duela esaten dute halako erritua han hemen egiten diren tokietan”.

“Bandera Arboltzea”ren errituari egiazkotasuna topatzea baino egokiagoa da sinbologia edo metaforak interpretatzea, Arregiren ustez. “Bedeinkapenaren ekintza ulertu beharko genuke, bandera dantza jartzen denean”. Interpretazioekin segituz, ez genuke ahantzi behar Juan Urbeltz dantza-maisu eta ikerlariak Inauterien eta Ezpata Dantzaren jatorriaren gainean defendatzen duen teoria. Hots, aitzinako gizakiak ibai bazterretan eta paduretan ibiltzen ziren eltxo eta zomorroek uztetan egin zezaketen kalteen beldur zirela, eta “gaizkile” horiek uxatzeko erabiltzen zituzten errituak izaten zirela halako dantzak-errituak.

 

Kofradiak Bandera berria

Santa Krutzeko Ezpata Dantzarien Kofradiak ez du banderarik eduki orain arte, eta berria sortu behar izan dute erritua gauzatzeko orain.

Horrela, tamaina handiko bandera zuria izatea erabaki dute, eta Andoaingo armarria eta Santa Krutzeko Ezpata Dantzarien Kofradiaren ikurra itsatsi diote. Ikur horrek, bi ezpata txikiren eta ezpata handi baten irudiekin batera, “Jota Eragotzi” leloa biltzen ditu; “Defentsarik egokiena erasoa” dioen gaztelaniazko esaera gogoratzen du leloak.

Iraganean, bi ibaien ondoan, leku estrategikoan kokatzen zen Kaleberriko Jauregi dorretxearen leloa da berez.

 

Ezpata Dantza berrekuratu ondoren, aberasten

Urki dantza taldeak Santa Krutzeko Ezpata Dantza 2008an berreskuratu zuen, Ikerfolk elkarteko Juan Urbeltz eta Iñaki Arregi kideen laguntzarekin.

Izatez ere, jakina baitzen Andoain eta dantza elkar lotuta joan direla historian zehar. Hain zuzen, Juan Ignacio Iztueta historialariak 1824. urteko "Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira eta historia" liburuan Andoain askotan aipatzen du. Axeri Dantza, Ezpata Dantza, Brokel Dantzaren zikloa..., denak lotzen ditu Andoain herriarekin.

2008az geroztik, zatiak gehitzen eta aberasten joan dira. Konparazio batera, 2012an, Santa Krutz elizako elizkizunean "Jaunaren aurreko Ezpata Dantza" ezarri zuten.

 

“Bandera Arboltzea”ren beste zenbait eredu

Iruñeko Duguna dantza taldearen saioa, 2021ean:

 

* Erronkarin, Gazta Egunean, 2024an:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!