Mikel Gardokirentzat justizia eskatu dute, poliziak hil zuela mende erdia igaro eta gero

Xabier Lasa 2025ko api. 29a, 17:39

Mikel Gardoki andoaindarra polizia frankistak hil zuen Ergobian 1975eko apirilean, eta 50 urte igaro direlarik, egia eta justizia eskatu zuten harentzat Ategorrietan, joan den larunbatean. Familia kideak eta lagunak bildu zituen ekitaldiak, eta Ergobian polizia operazio berean zauritu zuten Juan Migel Goiburu ”Goierri”k hitza hartu zuen. Ekitaldiko hiru bideo (aurreskua eta Juan Migel Goiburu eta Ane Muguruzaren hitzartze bana), behean:

Mikel Gardoki Azpirotz Andoainen 1949eko abuztuaren 3an jaio zen. Juan Martin Gardoki eta Antonia Azpirotz zituen gurasoak. Ume zelarik, familiarekin batera Donostiara, Ategorrieta auzora joan zen bizitzera. 1971ean, Mertxe Alkortarekin ezkondu zen, Donostian. Haur bat, Unai, eduki zuten biek.

 

Donostian, kalea 

1979an, Donostiako Udalak Mikel Gardokiren izena ipini zion Ategorrietako kale bati, polizia frankistaren biktimatzat jo ostean. Enfrentamendu armatu batean parte hartu zuenik ukatzez gain, segada batean biktima izan zela aitortu zuen Udalak orduan.

Nolanahi ere, salaketa bati erantzunez, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2011n, Gardoki terroristatzat jo zuen eta Udala "Mikel Gardoki Pasealekua" Ategorrietako kale izendegitik kentzera behartu zuen.

 

Familiarrak ekitaldian

Ategorrietako frontoian joan den larunbatean egin zen ekitaldian, Unai semea eta beste zenbait senitartekoak izan ziren, eta horiei ohorezkoa aurreskua eskaini zieten.

Ergobiko gertakizunean kide zuen Juan Migel Goiburuk testigantza pertsonala emateaz gain, Egiari Zor elkarte antolatzailearen izenean, Ane Muguruza mintzatu zen. Bertsio ofizialen sinesgarritasuna auzitan jartzeaz gain, diskriminaziorik gabeko egia, justizia eta aitortza biktima guztientzat eskatu zuen.

 

Goiburu borroka-kidearen lekukotza

Juan Migel Goiburuk Mendizabal oholtzara igo zen, eta borroka-kide zuen Gardokiren heriotza jendaurrean hizpide hartzea gogor egiten zaiola (“ez da batere erraxa”) aitortu ostean, gertakizunen kontakizunari heldu zion.

Biak ere garaitsu hartan ETAkide izanik, maiatzaren 1eko langilearen egunaren atarian propagandako eginkizunetan aritu omen ziren.

Apirilaren 24an, esku-orriz betetako kaxak Hernanira eraman ostean, ”Ergobian kafetxo bat hartzeko gelditu ginen; pixka bat lasaitu nahi genuen, psikologikoki tentsio uneak bizitu baikenituen aurreko egunetan”.

Tabernatik atera, eta “¡alto a la policia!” entzun zuten. “22 bat polizia zain geneuzkan, tirokatzeko prest. Korrika hasi ginenerako tiroka josi gintuzten, Mikel Gardoki batez ere. Gardoki aurretik zihoan eta berak hartu zituen tiro gehien-gehienak, eta hilda geratu zen bertan. Nik, bala bakarra besoan jaso nuen, eta lurrera erori nintzen. Atxilotu egin ninduten, eta ondorioz, torturapean eduki hiru edo lau aste, espetxean bukatu nuen arte”.

1977an, Europan barrena deportatu zituzten ETA kideetako bat izan zen Juan Migel Goiburu. “Danimarkara bideratu ninduten, eta bidean, polizia batek ea gogoratzen al nintzen berarekin galdetu zidan. Esan zidan: “Gardoki te salvó la vida. Intentábamos tirarte a tí, pero él siempre se nos ponía delante”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!