“Andoaingo Udalak elurteetarako plana duen bezala, halako larrialdi egoerak artatzeko plan espezifikoa eduki behar du. Nola jokatu eta jardun zehazten duen dokumentua behar da, argindar hornidurarik ezean edo muturreko eguraldi fenomenoen aurrean —eurite, haize edo bero handiak—erantzun ahal izateko”, adierazi du Goenagak ohar bidez. Jeltzaleen ustez, Zentrala martxan jartzeak lehentasunezkoa izan behar du eta beharrezko ikerketa geoteknikoak ahalik eta lasterren burutu behar dira: “Bertxinek benetako aukera ematen du tokiko energia berriztagarria sortzeko gaitasuna hobetzeko eta, adibidez, udal-instalazio guztien hornidura elektrikoa bermatzeko".
EAJ-PNVren ustez, asteleheneko itzalaldiak agerian utzi du "auto hornikuntzarako eskuartean ditugun azpiegiturak ustiatu behar ditugula, Bertxingo zentralaren kasuan bezala. Alde batetik, kanpoko energia-iturrien menpekotasuna gutxitzeko eta, bestetik, aste honetan gertatu den bezala, balizko energia-itzalaldien erantzuna hobetzeko".