Sorabillan lehen urratsak egin eta gerora egonaldi artistikoa egin zuen Düsserdorfen. Olazabalen eskulturak hainbat tokitan aurki daitezke: Andoainen, Zumaian, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zegaman, Ordizian, Ikaztegietan, Andoainen, Tolosan, Zubietan eta Orion.
Andoainen, bi eskultura
Goikoplazan, erretoretxea parean dago bat. Makina bat urtetan Andoainen bizitokia eduki zuen Manuel Lekuona euskaltzalearen omenezkoa da Goikoplazako eskultura.
Egileak bere garaian adierazi zuenez, elkarrekin erlazionatuta dauden harrizko blokeek Lekuonaren kultur egintza zabalaren aberastasuna irudikatzen dute.
1988ko otsailean egin zuten bistaratze ofiziala, Lekuonari eta bere obrari eskainitako kultur astearen baitan. 1989ko uztailean, berriz, Andoaingo udalak Lekuona “Ohorezko Seme” izendatu zuen; aldi berean, bere irudia udal-batzar aretoko horman zintzilikatu zuten, beste hainbat herriko seme eta alaben aldamenean.
Allurralde pasealekuan dago bigarrena, kiroldegiaren eta Ubitarte futbol zelaiaren artean. 2005-2006 urteetan Oria ibaiaren ertzean jarritako pieza-sorta.
Omenaldia iazko uztailean
Zenbait adiskide eta ezagunek omenaldi-ekitaldi xumea eskaini zioten Kotoi elkartean, bere urtebetetzearen harira, iazko uztailean. Bere ibilbide pertsonalaren eta artistikoaren aitortza gisa prestatu zuten ekitaldia.
Artistaren ibilbidea, Itziar Gutierrez adituaren eskutik
Olazabalen ibilbide artistikoaz gehiago ulertzeko eta interpretatzeko, gomendagarria da arte historian aditua den Itziar Gutierrez andoaindarrak Leyçaur 13 aldizkarian 2014an argitaratu zuen Artea Andoainen: artista garaikideen obra eta bizitza ikerlana. Bertako lau eskulturgileen (Gotzon Etxeberria, Pello Irazu, Joxe Ramon Amondarain eta Iñaki Olazabal) lanen inguruan egin zuen ikerketa.