Zapore gozoa utzi du Maixa eta Ixiarren agerraldiak

aiurri 2025ko mai. 4a, 21:38

Gaurkoa, Santa Krutz jaietan, dastatze eguna izaten ari da: sagardoa, taloa, artisautzazko garagardoa eta, postrerako, trikitilari bikote ezagunaren bexamela eta pastela.

Zapore gozoa utzi du Maixa eta Ixiarren itzulerak. Lau kantu izan dira, Malkogarriyak taldearen emanaldian tartekatu dituztenak, baina nahikoa iraganeko une magiko ugari biziberritzeko. Iragan loriatsua izan zutenek ondotxo eusten diete dohaiei, urteak pasa ahala. Maixa sendo eta seguru aritu da trikitixarekin eta Ixiar garai batean bezain ondo (edo hobeto) abestuz.

Ikusle asko antzematen zen itzulerarekin pozarren, kantu guztien letrak abesten. Behin saioa amaituta, Ixiar Orejak agurreko mezuan honakoa adierazi du: "Eskerrik asko, denoi. Bertigoa bagenuen baina oso polita izan da. Santa Krutz jaien alde bada, egin behar dena egiten da!".

Iluntzean, Santa Krutz jaiei amaiera dotorea eman dio Jai Batzordeak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!