Erritualari eutsi zion Santa Krutzeko Ezpata Dantzarien Kofradiak

Aiurri 2025ko mai. 5a, 15:33

2008an Ezpata Dantza Santa Krutzetan berreskuratu zutenetik, ohitura bilakatu du Santa Krutzeko Ezpata Dantzarien Kofradiak batzarra ospatzea. 

Horrela, Errekaburu elkartean bazkaritan biltzen dira Urkiko dantzari eta kideak, eta horiekin batera, berreskurapen lanetan laguntzaile dituzten Ikerfolkeko Juan Urbeltz eta Iñaki Arregi dantza adituak.

Eguardi partean luzatzen den Udal Agintarien eta Eskopeteroen Banderaren Jaitsieraren eta Ezpata Dantzaren ospakizunak atzean utzita, eta lasaitua hartu eta gero, Errekaburun izan ohi dute hitzordua Urkiko kide guztiek. 

Era horretan, merezitako otorduaz gozatzeaz gain, batzarra egin ohi du “Jota eragotzi” leloaren jabe den Kofradiak. Bertan, usadioari jarraiki, akta-liburuan ospakizun handian eman diren gertakizun nagusien gaineko kronika idazten dute; pasadizoak biltzeko ere hartzen dute tartea (erantsitako bideoan, azalpenak).

Ondoren, Ezpata Dantzaren emankizunean nola edo hala parte hartu duten eragile guztiek sinatu egiten dute idatzia.

 

Urbeltzi eta Arregiri esker onez

Juan Urbeltz eta Iñaki Arregi Ikerfolkeko kideei esker oneko oroigarri bana eman die Urkiko kideek aurten, Errekaburu elkarteko bazkalostean. Izan ere, biak ere bidelagun eta aholkulari izan baitituzte hasieratik, 2008tik.

Hain zuzen, Kofradiaren armarridun gorbata gorria jaso zuten opari gisa. Armarri horretan, ezpata handi bat, bi ezpata txiki eta “Jota eragotzi” leloa ageri dira.

Urbeltzek, mahairtik zutitu, eta, emozioz beteriko mintzaldia egin zuen. Urkiko ezpata dantzari gazteei begira jarri, eta oso hunkituta eta harro zegoela aitortu zien, batik bat ikusita Andoainen Ezpata Dantzak 2008az geroztik bizi izan duen eboluzioa (hitzartze osoa, bideoz ikusi liteke).

 

Eskertzen atala, luzatuta

Bestalde, Urki Dantza Taldeak jakinarazi duenez, honako elkarte eta pertsonei ere luzatu nahi dizkie eskerrak: Zumea kaleko egoitza uzten dion Caritas elkarteari, jolastokia entsegutarako uzten dion La Salle Berrozpe ikastetxeari, eta, bazkaria prestatu ohi duten Errekaburu elkarteko kideei.

Ion Iza, Iñaki Urruzuno, Ane Eizmendi, Iñaki Alkorta eta Gurutz Letamendi Errekaburun sukalde lanetan, postre goxoa banatzen hasi aurretik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!