Jende ugari hurbildu da Lopez de la Calleren izena daraman parkera. Tartean, Andoaingo Udaleko PSE-EE, EAJ-PNV eta Ahal Dugu-Podemoseko ordezkariak.
Ekitaldian, Maider Lainez Andoaingo PSE-EEko zinegotziak hartu du hitza, batik bat. Jendaurrean, honakoak eduki ditu ondoan: Mari Paz Artolazabal Lopez de Lacalleren alarguna, honen seme Alain, Jaurlaritzako Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, eta, Daniel Garcia Andoaingo PSE-Eeko zinegotzia ohia.
Alain Lopez de Lacallek eskerrak eman dizkie bertaratutakoei.
Lainezek, ia dena gaztelaniaz egin duen diskurtsoan, omenduaren nortasuna goratu du, lehenbiziko eta behin. Horrela, hizpide izan ditu Lopez de Lacallek zeukan umorea eta zenbat maite zituen emaztea eta seme-alabak, eta halaber, bizi izan balitz, zenbat gozatu ahal izango zuen bilobekin.
Bere alderdi intelektuala azpimarratu du bereziki, ondoren. “Elkarrizketa zuen gogoko, baita ere berak bezala pentsatzen ez zutenekin, izan ere, beste horien argudioak gogoan hartzen zituen, gero hausnartzeko eta bere ideiak hobetzeko”.
Indarkeriaren aurkako mezua
Lainezek indarkeriaren erabileraren aurkako diskurtsoa egin du. “Ideiak ideiekin borrokatzen dira, eta argudioak argudio sendoagoekin borrokatzen dira. Baina Jose Luisek zioen bezala, terroreari ezin zaio terrorearekin erantzun. Ezin gaitezke inoiz kiribil zentzugabe horretan sartu, sartuz gero, zaila baita hortik irtetea. Hortaz, gertakizunen orria igaroko dugu, eta horretan gabiltza bizikidetzaren mesedetan, baina horretarako, lehenbizi, orri guztiak irakurri behar dira, aintzat hartuta gertatu den guztia, terrorismoak sekula ez baitzuen justifikaziorik eduki”.
Alde horretatik, “indarkeria oraindik gaitzetsi ez dutenei” honako mezua luzatu die: “aurrerapausoa eman dezaten exijitzen diegu, izan daitezela ausartak, erailketek ez baitzuten justifikaziorik eduki. Terrorea ezin da terrorearekin borrokatu, eta Jose Luisek erakutsi zigun tolerantzia eta askatasuna hitzarekin eta lumarekin defendatu behar direla”.
Espreski aipatu ez badu ere, ezker abertzalea hartu du bere kritiken jomugatzat, nagusiki. Aritz Otxandianok Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak egunotan jasan duen erasoa eta horrek eragin dituen erreakzioak izan ditu hizpide, horretarako. “Azken egunotan, energia berriztagarrien gainean desberdin pentsatzeagatik pertsona batzuek jasan dituzten erasoak direla eta, modu harrigarrian irakurri dugu zenbait pertsona nola mintzatu diren desberdin pentsatzeagatik intimidatzearen eta presioa sartzearen estrategiaren gainean. Are gehiago, gizagabetzea aipatu dute, baina hortik harago ez dira joan, denok dakigunean nora eraman gaituen deshumanizazioak, zenbat sufritu dugun, eta horregatik gaitzetsiko ditugu eraso guzti horiek. Nahiko genuke iraganean gurekin egon izan balira, gaitzesteko orduan”.
Era berean, Lainezek Andoaingo gazteekin mintzatzearen premia azpimarratu du, “kontatu egin behar diegu zer gertatu den hemen, eta tolerantzia, elkarbizitza eta aniztasunaren balioak transmititu behar dizkiegu, Jose Luisek egin ohi zuen bezala”.