Yerai Martin andoaindarrak ez du Eibarren jarraituko: "Etapa eder hau amaitzeko unea dela uste dut"

Aiurri 2025ko mai. 8a, 15:56

Orain gutxi eman du argitara klubak: azken denboraldia du Yerai Martinek Eibarreko entrenatzaile gisa. Esker hitzak luzatu dizkie klubari, baita jokalariei zein zaleei ere.

Hausnartutako erabakia izan dela eta "naturalki" etorri dela adierazi du andoaindarrak, gaur goizean prentsaren aurrean egindako agerraldian: "Nik jarraitzea nahi zuen klubak, eta eskerrak ematen dizkiot hiru denboraldi hauetan bizitako guztiagatik". Entrenatzailearen hitzetan, "zoragarriak" bezain "bikainak" izan dira hiru urteak, baina lan handia eskatu diote, era berean, baita nekea ekarri ere: "Etapa eder hau amaitzeko unea dela uste dut".

Atzo, sare sozialetan iragarpena egin aurretik bildu zen Martin jokalariekin: "Albistea jakiten lehenak izatea merezi zuten". Hori horrela, haiekin sortutako lotura estuagatik, esker hitzez zuzendu da jokalariei, baita zaleei ere. Norabide aldaketa asimilatzen kosta egingo bazaio ere, erabaki ona hartu duelakoan da Martin: "Beste pertsona bat etorriko da, beste mezu batekin, beste energia batekin. Nortasuna duen taldea sortzea lortu dudala uste dut eta beraiek egin dute posible ni gaur hemen egotea, hiru denboraldiren ondoren". 

Etxeko azken partida, igande honetan

Etxean jokatuko dute azken partidan, Atletico de Madriden izango dute aurkari. Igandean izango da hitzordua, eguerdiko 12:00etan, Eibarren: "Beti da berezia Ipuruan jokatzea, eta igande honetan, are gehiago". Madrildarren aurka lehiakor agertuko dira armaginak, hiru puntuak poltsikoratu eta denboraldiaren amaiera ondo baino hobeto biribiltzeko asmoz. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!