Jardunaldi erabakigarriak, amestutako igoera lortzeko bidean

Aiurri 2025ko mai. 9a, 07:00

Roteta ordura arteko liderra garaitu zuen Euskaldunak, Ubitarten, eta igoera eskuratzeko ametsa hortxe dago. Are gehiago, asteburu honetan, Orioko eta Roteta lehiakide zuzenak elkarren aurka ariko direla jakinda. Emozio handiko asteburua izango da, beraz.

Euskalduna taldeak Ohorezko Erregional Mailara igotzeko aukera gertu bezain urrun du. Gertu, azken hiru partidak jarraian irabazi dituelako. Santa Krutz egunean, Roteta liderra 2-1 garaitu zuten eta animoak goi-goian dituzte. Baina, era berean, urrun du sailkapenean gertu dituen aurkariak ez baitaude etsitzeko prest. Liga osoan lehia estuan ari dira Euskalduna, Roteta eta Orioko taldeak eta emozio handiko azken bi jardunaldi geratzen dira. Gogoan izan igoera eskuratzeko bi bide daudela: zuzenean, liga irabazita; edo, bi multzoetako bigarren sailkatuen arteko play-offa gaindituta. Euskaldunak gogor borrokatuko du bi aukera horietako baten bila.

Euskaldunaren plana aurrera doa

Hilabete atzera, Ander Setien kapitainak honako hau adierazi zion Aiurri astekariari: "Lautik lau irabaziz gero, helburua lortuko dugu". Lehen biak, zailenak, irabazi dituzte. Santo Tomas igoerako lehiatik kanpo utzi eta, ondoren, Roteta liderra garaitu dute. Beraz, plana aurrera doa. Sanpedrotarra eta Allerruren aurkakoak irabazteko moduko partidak dira: lehen itzulian biak irabazi zituzten.

Rotetak etxetik kanpo galdu ditu azken bi partidak

Otsailean eta martxoan ligako partida guztiak irabazi zituen Rotetak: 9 partida, jarraian! 27 puntu horiei esker, zuzenean igoera eskuratzeko hautagai nagusia zirudien. Baina joera ona aldatzen hasi da eta etxetik kanpo jokatu dituzten azken bi partidak galdu dituzte. Zehazki, Astigarragan eta Andoainen.

Oriokok Rotetaren zelaian jokatuko du, asteburuan

Euskalduna eta Roteta izan dira lidergotzan, ia liga osoan, baina orain lehen postua oriotarrena da. Noiz arte, ordea? Izan ere, asteburu honetan Rotetaren aurka jokatuko dute. Askotxo dago jokoan eta galtzen duenak igotzeko aukerak galdu ditzake. Lehen itzulian, Oriokok etxean 2-5 galdu zuen Rotetaren aurka.

GORENGO MAILA. Sailkapena:

1   ORIOKO 61 p.

2   ROTETA 59 p.

3   euskalduna 58 p.

4   SANTO TOMAS LIZEOA 48 p.

 


GORENGO MAILA, 29. jardunaldia:

SANPEDROTARRA-EUSKALDUNA
Igandea, 11. 17:30.

ROTETA-ORIOKO
Larunbata, 10. 18:00.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!