Udaberriko bonuen kanpainari ekin diote Udalak eta Salkin elkarteak

Aiurri 2025ko mai. 9a, 16:19

Andoaingo Udalak eta Salkin elkarteak udaberriko bonuen kanpaina berria abian jarri dute, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea suspertzeko asmoz. Udaletxean agerraldia egin dute. Bonuak maiatzaren 19tik 23ra Salkinen lokalean erosi ahal izango dira, agortu arte.

Andoaingo udaleko Andoni Alvarez alkateak, lau udal-alderdietako ordezkariek eta Salkin merkatari eta ostalarien elkarteko Jone Etxeberria, Gema Amantegi eta Marijo Irastortzak egin dute agerraldia udaletxean, eguerdian.

Alvarezek adierazi duenez, "Udalak badaki tokiko merkataritzak zailtasunak dituela, eta, horregatik, sektore hori babestu nahi dugu udalerrian erosketa bultzatzeko ekimenak abian jarriz. Horrekin guztiarekin, harreman hurbilagoa sortzen da negozioaren eta bezeroen artean, eta konfiantza eta gogobetetze-giroa sortzen da".

 

Lau koloretako bonuak

Koloretako bonuak izango dira bonuak, “parte hartzen duten establezimendu guztien artean ahalik eta banaketa bidezkoena lortzeko”, zehaztu dutenez.

Bonu bakoitzak 10 euroko 5 txartel izango ditu, eta txartel bakoitza 5 euroko bi zatitan banatuko da. Lau kolore egongo dira:

- Berdea: janari-dendetarako eta ostalaritzarako (okindegiak, harategiak, arrandegiak, fruta-dendak, edari-dendak, gozotegiak, edari-dendak, tabernak, jatetxeak, kafetegiak);

- Laranja: modako saltokietarako (oinetakoak, osagarriak, kirol-dendak, mertzeriak eta bitxi-dendak).

- Urdina: zerbitzuetarako (ile-apaindegiak, farmaziak, optikak, liburu-dendak,etxetresna elektrikoen dendak...).

- Horia: bi txartel, komodin gisa, edozein establezimendutan erabiltzeko.

 

Bonuen salmenta

Bonuek 50 euroko balioa izango dute eta 30 euroko prezioan salduko dira. Horietako bakoitza 10 euroko 5 kupoitan banatuko da eta kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan erabili ahal izango dira.

Bonuak maiatzaren 19tik 23ra erosi ahal izango dira Salkinek Agustin Leitza kalean daukan egoitzan, agortu arte. Nolanahi ere, ilarak saihesteko eta erosketa errazteko asmoz, aurrez, maiatzaren 15ean, tiketak banatu egingo dira, 1.500 goizean eta 1.000 arratsaldean. Hurrengo egunean ere halaxe egingo da, tiketak soberan badaude.

Andoainen erroldatuta egotea eta adin nagusikoa izatea da baldintza, bonuak erosi ahal izateko. Gehienez ere, bonu bat salduko da NAN bakoitzeko, eta aldi berean, bi NAN onartuko dira pertsona bakoitzeko gehienez ere.

Kreditu-txartelarekin erosi beharko dira bonuak, ez da esku-dirurik onartuko. Salkinen egoitzak honako ordutegia izango du: 10:00etatik 14:00etara eta 16:30-20:00etara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!