Zehazki, Katrin Iturraldek zuzentzen duen Udal Musika Eskolako Abesbatza Txikiak, Easo Gazte Abesbatzak eta Hernaniko Udal Musika Eskolako abesbatzak Euskadiko Orkestrarekin ariko dira elkarlanean, datozen egunetan jendaurrean ematekoak dituzten kontzertuetan.
Hain zuzen, Kursaalean maiatzaren 13 eta 14an, asteartearekin eta asteazkenarekin, eta Gasteizen maiatzaren 15ean, ostegunarekin, egingo dituzte jendaurreko emanaldiak.
Katrin Iturraldek adierazi duenez, “erronka handia da Logelan logale, eta abeslariak erabat inplikatu dira egitasmoarekin. Gogor aritu dira entseguetan, eta egundoko ilusioarekin egingo die aurre datozen egunetan egingo diren emanaldietan”.
Albiste honi erantsita doazen argazkiek eta bideoak entseguetako zenbait une biltzen dituzte (Agirien iturria: Katrin Iturralde).
Euskaldiko Orkestraren egitasmoa
Logelan logale Euskadiko Orkestraren egitasmoa da; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako kantata bat da, elkarrekin kontzertu parte-hartzailea egin asmotan.
Horretarako, Joseba Astiazaran musikaren egilea da, eta Leire Bilbaok egin du libretoa.
Donostian eta Gasteizen emanaldiak emateko bideratu da proiektua esan bezala, eta hurrengo urteko maiatzena izango du jarraipena, Bilbon eta Iruñean, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, proiektu honetara gehituta.
ARTIS+ Artea, gizarteratzeko Europako proiektuaren parte den ekimena da Logelan logale ikuskizuna, eta gure herrialdeko ikastetxeetan kantu korala sustatzea du helburu.
Euskadiko Orkestraren web orrian, ikuskizunaren nondik norakoa azaltzen da: “Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Ze denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz? Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango? Doinu eta kantu ezberdinen bidez kontatu eta kantatuko dugu, gutako bakoitzak ohera joaten den unetik eta esnatu arteko istorioa. Loa eta ametsaren fantasiari, bakoitzak bere doinua jartzeko, lo gaudenean ere abenturak bizi ditugulako”.