Boliviako Ensamble Moxos taldeak Basteron joko du ostegunean

Aiurri 2025ko mai. 13a, 11:36

Euskal musikariekin harreman estua duen Boliviako Ensamble Moxos taldeak musika tresnekin, doinuekin eta dantzekin osatutako koreografia etnikoa zabalduko du Basteron, ostegunean, 19:30etik aurrera. Uxue Sanchez eta Mirari Irurtzun hango musikariekin eta musika ikasleekin elkarlanean aritu izan dira azken urtetan.

Boliviarra da Ensamble Moxos musika taldea: orain 20 urte sortu zen eta Europan hamaikagarren birari heldu dio egunotan, Atlantikoa zeharkatu eta gero. Boliviako eremu amazoniarrean oso errotuta dauden musika barrokoa eta etnikoa uztartzen ditu bere kontzertuetan.

Boliviako Beni departamenduko probintzia den Moxosen du jatorria taldeak. Hogei milatik gora biztanle bizi dira probintzian, eta %85 indigenak dira. San Ignacio de Moxos da bere hiriburua.

Kolonialismo eta katolizismoaren ebanjelizazio prozesuen arrastoak nabariak dira bertan, hiriburuaren izenetik hasita. Hain zuzen, jesuiten eraginez, bertakoen kulturan oso sustraituta dago musika barrokoa. Horrela, “barroko ignaziarra” deitu daitekeen estiloa jorratzen dute erabat, eta horren adierazgarritzat jo daitezke indarrean den musika eskola ospetsua zein bere altzoan orain bi hamarkada sortu zen Ensamble Moxos taldea.

Hogei bat musika jotzaileek eta abeslariek osatzen dute taldea, eta eskolako irakasleak eta ikasleak dira guztiak ere.

Ensemble Moxoseko musikariak, Uxue Sanchez eta beste zenbait kooperanteekin 2017an (Argazkia: Uxue Sanchez)

Moxosek jorratzen duen musika eskaintza aberatsa eta anitza nabarmendu behar da. Hiru inspirazio-iturriez baliatzen da, batik bat: misioetako artxibotik berreskuratzen ari diren hainbat partitura, komunitate indigenen ahozkotasunetik hartutako doinu tradizionalak, eta, azken horiek inspirazio dituen sorkuntza modernoko abestiak.

Taldeko kideak eklektikoak dira, eta, musika tresnak jotzeaz eta abesteaz gain, iaioak dira dantza autoktonoak dantzatzen; era horretan, ordu eta erdiko emanaldi koreografikoaren eskutik, ikuslea txunditzeko izugarrizko gaitasuna eduki ohi dute oholtza gainean.

Hiru hizkuntza darabilte abestietan taldeko abeslariek: latina, moxeño trinitarioa, eta, moxeño ignaziotarra. Taldearen kalitate artistikoa dela eta, esan daiteke Boliviako herriak mundu zabalean daukan kultur enbaxadore distiratsuenetakoa dela.

 

Bi andoaindar, Moxoseko musikarien lagun

Ospe handiko Moxoxeko musika eskolarekin harreman estua daukate hainbat euskal musikarik, eta horietako bi dira Uxue Sanchez eta Mirari Irurtzun biolin-jotzaileak. Batak zein besteak bertako irakasle zein ikasleekin daukaten harremana azaldu digute.

Sanchezek Moxosen bi hilabete eta erdi igaro zituen, 2017n. Euskal gazteen artean elkartasunaren balioak sendotzea eta garapenerako ekintzen inguruko sentsibilizazioa sortzea helburu duen Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren eskutik abiatu zen Ameriketara. “Jaurlaritzaren programa horretan izena eman nuen, eta nire profila kontuan hartuta, Boliviako Moxos herrian kooperazio lanetan jarduteko aukera bistaratu zitzaidan, Irungo Taupada GKErekin batera. Eta horretan, bertako musika eskolan egin nuen bizialdia”.

Bertako ikasleei biolina jotzen irakastea izan zen bere zeregina, han. “Nik ez daukat musika irakasteko titulurik, baina hango haurrei biolina jotzeko oinarrizko irakaspenak eman nizkien. Hortaz gain, bertako musikari helduekin kolaboratu nuen behin edo behin”.

Uxue Sanchez Moxoseko musika eskolako zenbait ikasleekin 2017an (Argazkia: Uxue Sanchez) 

Bizipen ahaztezin horietakotzat jotzen du Sanchezek, han bizi izan zuena. “Gozatu ederra hartu nuen, haurrak irrikaz egoten baitziren musika ikasteko. “¿Profita, cuándo damos clase?” galdetzen zidaten etengabe. Ikasteko ordutegiak jartzen nizkienean, ahal zuten guztietarako izena ematen zuten. Izan ere, haientzat musika eskolara joatea, beraien egunerokotasunetik irteteko aukera paregabea izaten zen. Eta ez hori bakarrik; dena esatera, ikusten zituzten helduagoak musika eskolan ikasten edo Ensamble Moxos taldean jotzen, eta jarraitu beharreko eredu bilakatzen zitzaien musikaren irakaspena”.

Lagun ugari egin zituen hango egonaldian Sanchezek, eta geroztik, Europara biran dabiltzan aldiro, haiei diosala egiten saiatzen da Sanchez.

Azkenik, biziki gomendatzen die andoaindarri Basteroko emanaldira azaldu daitezen, “ikusgarria da guztiz Ensamble Moxos taldeak jendaurrean zabaltzen duen ikuskizuna; merezi du ikusteak”.

Mirari Irurtzunek bere kasa egin zuen kontaktua Ensamble Moxos taldeko kideekin, haiek behin zuzenean ikusi bezain pronto. “Erabateko zirrara eragin zidan taldeak, kontzertu batean lehenbiziko aldiz ikusi nuenean, 2017an. Ez dakit oso ziur zergatik izan zen hartu nuen gozatua; beharbada, indigenak biolina horrenbesteko kalitatearekin eta sentiberatasunarekin jotzen ikusteagatik, edota, elkarren artean egundoko interakzioa zeukatelako”.

Kolaboratzaile gisa eskaini zien bere burua Irurtzunek. Harrera gozoa egin zioten, eta geroztik, hiru aldiz izan da Bolivian, aurten azkenekoz. “Hiru txandatan joan naiz Moxosera, eta badaukat asmoa segida emateko kolaborazio horri”.

Andoaingo Udal Musika Eskolan biolin-irakaslea da Irurtzun, eta hemen egunero egin ohi duen gauza berbera egitera abiatu izan da Moxosera. “Ni ez naiz aditua musika barrokoan, baina beste estilo eta teknika pedagogikoekin lotutako ekarpena egin diezaieket hango irakasleei eta ikasleei”.

Hara joan izan den aldiro Moxoseko herritarrek musikarekin daukaten aparteko harremanarekin txundituta geratu dela aitortu du Irurtzunek. “Izugarrizko lana egiten dute musikagintzan alfabetatzeko. Modu enpirikoan ikasten dute biolina, solfeorik gabe. Transmisio naturala praktikatzen dutela, esan daiteke. Ikasteko erakusten duten gogoak ez dauka parekorik”.

Mirari Irurtzun, Moxoseko musika eskolan ikasleekin (Argazkia: Mirari Irurtzun)

Ameriketako eta hemengo musika-ikasleen jarreretan dagoen desberdintasunaz galdetzea ezinbestekoa egiten da, bere lekukotza entzunda. “Hango gazteek bere kabuz praktikatzen dute asko, grina erakutsi ohi dute. Gurean gutxiago igartzen da hori, izan ere, denok ere gauza asko dauzkagu esku artean, eta dispertsioa da nagusi gure bizitzetan".

Zer mugitzen dion Moxoseko musikariekin kolaboratzera galdetuz gero, berriz, ez du zalantzan jartzen erantzuna. "Asebetetzen nauen eginkizuna egiten zait, nola irakasle gisa hala musika zale gisa. Musika irakasteko bokazioa eta jotzen segitzeko gogoa elikatzen dizkit Moxoseko musikariekin elkarlanean jarduten dudan aldiro. Sentsazio horrekin itzuli izan naiz etxera beti”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!