Andoainen txanda Herriarteko esku pilota txapelketan

Aiurri 2025ko mai. 13a, 18:32

Herriarteko esku pilota txapelketan parte hartzeko txanda iritsi zaio Andoaingo esku-pilota taldeari eta ostiral honetan ekingo dio lehiari Arrate frontoian jokatuko duen final-zortzirenetan.

Gipuzkoako Herriarteko esku pilota txapelketak urtez urte interes handia pizten duen lehiaketa da, bertan parte hartzen duten herrien arteko lehiakortasun osasuntsuari esker.

Aurtengo txapelketa pasa den maiatzaren 4an hasi zen eta denera 21 herri dira bertan parte hartuko dutenak, ekainaren 28an Atano pilotalekuan jokatuko den finaleko txartelaren bila. Iazko finalistak, Oiartzun eta Zaldibia, final-laurdenetan sartuko dira lehiaketara, eta Andoain ostiral honetan (maiatzak 16) jokatuko diren final-zortzirenetan sartuko da.

Lehen saioa Zestoaren aurka izango da Andoaingo Arrate frontoian ostiral arratsaldeko 19.00etan eta, ohikoa den bezala, hiru partida jokatuko dira, kadete, jubenil eta nagusien mailatan.

Andoaingo taldea hamabi pilotariz osatua dago aurten. Kadeteen mailan, Izei Aierbe, Aitor Garmendia, Ibon Blazquez, Unax Lete, Danel Polo eta Mikel Villar. Jubeniletan, Mikel Gaztañaga eta Aimar Beroz. Eta nagusietan, Julen Gaztañaga, Beñat Salbador, Eneko Beloki eta Julen Urruzola.

Lehen saio honen itzulia datorren ostiralean jokatuko da, maiatzak 23, Zestoako pilotalekuan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!