“Prest gaude azalpenak emateko gure arbasoekin zerikusia duten lanbideen, ohituren, lan-tresnen, usadioen... gainean”, adierazi dute Burdina elkarteko kideek.
Maiatzak 18an ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, gaur eta bihar, larunbatarekin, “Ate irekien” jardunaldia egingo du Burdina elkarteak.
Hirugarren urtez ospatuko dute eguna, eta ikusita aurreko bi edizioetan izan duen harrera, arrakastatsua espero dute izatea aurtengoan 10:00etatik 13:30era eta 17:30etik 19:30era zabalduko dituzte Extremadura kalea 7an kokatzen den Gordelekuren ateak.
Bertaratzen denak, han topatuko ditu ondare historikoa berreskuratzea eta plazaratzea helburu duen elkarteko kideak, behar diren azalpenak emateko prest.
Nolanahi ere, Juanjo Canciok, Ander Armendarizek eta Txanka Arrutik ohartarazi dutenez, astegunetan, egunero, bertan topa daitezke, “beti daukagu zereginen bat egiteko, dohaintzan azken aldian eman digute tresnaren bat berreskuratzen, dokumentatzen... Baina gogo onez uzten dugu eskuartean daukagun eginkizuna, azalpenak emateko”.
Era horretan, aitortzen dute tarteka, gizabanakoen edo era guztietako gizatalde antolatuen bisitak izan ohi dituztela. Zehaztu dutenez, halakoetan komeni da aldez aurretik hots egitea (699487683 telf.) eta hitzordua adostea.
Dohaintza ugari
Bisita horiez gain noizean behin, gizabanakoen edo erakunde desberdinen dohaintzak jaso ohi dituzte. “Denetariko tresneri ekartzen eskaintzen digute, eta beti da pozgarria hori guretzat. Dozena bat emaileekin ekin genion Gordelekuren egitasmoari, eta egun, 75 emaileetatik gorako zerrenda osatu dugu. Kontua da txikia geratzen ari zaigula espazioa; eta hori dela eta, atsekabez, ezekoa eman behar izan diegu dohaintza egitera etorri direnei”.
Emaileen motibazioa beti antzekoa dela aitortu dute Burdinako kideek. “Gure esku antzinako edozer tresneria uzten dutenean, jakinaren gainean daude txukundu eta zaindu egingo ditugula. Eta hori da, espreski, nahi izaten dutena: berrekuratzea lehenbizi, eta gero, erakusketan jartzea jendeak ikusteko moduan. Satisfazio handia eragiten die jakiteak berea izan den tresneria bat hurrengo belaunaldientzat ikusgai egongo dela, eta horrek lagunduko duela geure arbasoen bizimoduaz edo lanbideez gehiago jakiteko”.
Aurtengo egitasmoak
Gordeleku museoaren ateak zabaldu eta bisitarien galdera eta zalantzen menpe jartzeaz gain, makina bat egitasmo dauzka eskuartean elkarteak, urtean barrena gauzatzeko asmoz. Hona labur-labur aipatuta:
- Unanibia zubi ondoko harrizko zutabeetako bat txukundu.
- Buruntzako Ama Kandidaren iturria berreskuratu.
- Buruntzako San Roke baseliza txukundu.
- Aingurasutegiko ontziralekuarekin lotuta: aingura eta informazio-panela jarri, eta, liburuxka argitaratu.
- Istuitzako N1 errepideko mugarria berreskuratu.
- Gordelekun dauden tresnen katalogazio-prozesuari jarraipena eman, Aranzadirekin elkarlanean.