Harrigarria bada ere, musikari lotuta daraman ia mendi erdiko ibilbidean, Iñigo Setienek sekula ez du eduki aukera Andoainen zuzenean jotzeko, eta ulertzekoa izan daiteke aparteko ilusioa eragin izanak Ganbarako larunbateko hitzorduak.
Lau musikarik osatzen dute Los Hormigones: Roskow Huarte (gitarra eta ahotsa), Fisuras Huarte (gitarra), Iñigo Perrete (baxua), eta, Juan Mari Huarte Gus (teklatuak). Iñigo Setien Donostiako musika-mugimenduan ibili izan da betidanik, eta bertakoak diren Huarte anaiekin batik bat.
Los Elasticos formazioa osatu zuten 1979an; Los Rigidos geroago heldu zen, eta azkenik, 1996an, Los Hormigones-en ibilbideari ekin zioten. Sei disko plazaratu izan dituzte urte horietan; No hay remedio eta Hoy toca comer cemento izenburuko diskoak dira beren azken bi lanak, labetik atera berri samarrak.
Guzti horien eskutik, ez da makala plazaratu duten sorkuntza: 80tik gora abesti.
Filosofia nihilista
Pop talde bitxia da Los Hormigones. Bere-berea duen filosofia bereziarekin -gozatze hutsarekin zerikusia duena-, heldu izan dio musikagintzari. “Gogokoa dugun musika egin izan dugu beti, publikoaren onespenaren presiorik gabe, diru irabazi asmorik gabe. “ez gara batere zorrotzak eskakizunekin: musika jotzeko orduan, esertzeko aulkiak eta garagardoren bat edo beste eskatzen ditugu, hortik aparte ezer gehiago ez”, dio Setienek, ezpainetan irribarre txikia irteten zaion bitartean.
Egia auzoko Jareño zentroan daukaten entsegu-gelan ostiralero biltzea da eduki ohi duten ilusiorik handiena, ”izugarri gozatzen dugu bertan, asko maite dugu bapatekotasunez jolastea musikarekin”. Kontzertuak, berriz, Donostian egin ohi dituzte gehienak. Nolanahi ere, ez dute sarriegi ematen pauso hori. Hori bai, halakoetan, entzule sutsu ugari erakartzen dute, Setienek aitortu duenez.
Taldearen estiloagatik galdetuz gero, “pop zirkunstantziala”ren definizioa aipatu du Setienek. Roskow abeslaria da abesti eta hitz gehienen sortzailea; “berak ekartzen ditu ideiak etxetik, eta gero, denen artean janzten ditugu”.
Letrei dagokionez, “ikuspegi askotatik ikusitako askatasuna da bere gai kuttunenetakoa; itxaropena zabaldu nahi izaten du, atzera ez dela begiratu behar eta etorkizuna oparoa zain daukagula aldarrikatuz”.
Doinuen arloan, eklektiko samarrak direla onartu du Setienek. “Pop erritmoak oinarri izan arren, ez dugu batere erreparorik edukitzen hango zein hemengo ukitu exotikoak gureganatzeko. Azken aldiko abestietan, esate baterako, Fart West-a, pasodobleak, doinu kubatarrak... igarri daitezke aisa”. Azken batean unean-unean haizeak nondik jo, handik abiatzen direla adierazi du Setienek. Jokaera praktiko horrek ulertarazi dezake beren estiloa “pop zirkunstantziala” izatearen kontzeptua.
Ironia, iparrorratz
Ironia barra-barra darabil taldeak, eta aisa egiten dio barre bere buruari, hamarkadetan osatu izan dituzten hii formazioen izenetik hasita: “Elasticos-Rigidos-Hormigones, hiru izen horiek gizakien eboluzioa defini dezakete, gure bizitzako ibilbidea adierazten dute behinik behin; gaztetasunaren arintasunetik helduaroko gogortasunera doan bidaia, alegia”.
Ia mende erdiaz baxu-jole
Ia 50 urte egin ditu pop-aren panoraman, entsegu-lokaleko saioak eta jendaurreko kontzertuak tartekatuz. Nahiz eta musika-zaletasuna ia jaio zenetik bereganatu izan, txiripa hutsagatik bihurtu omen zen baxu-jole: “70 eta 80 hamarkadetan erarik inkontzienteenean sortzen ziren musika taldeak. Alegia, “Hi, formazioa sortu behar diagu!” elkarri aldarrikatu, eta rolak banatzea izaten zen hurrengo pausoa. Banaketa horretan, baxua egokitu zitzaidan niri”.
Geroztik, Setienek makina bat pozaldi eragin dizkion baxua izan du bidaide, autodidakta gisa beti.