Udalak eta Salkinek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, tokiko ekonomia eta udalerriko dinamika soziala sustatzeko

Aiurri 2025ko mai. 23a, 11:13

Merkataritzari, ostalaritzari eta tokiko zerbitzuei laguntzea du helburu, Udalak eta Salkin elkarteak gaur sinatu duten hitzarmenak. Salkin elkartearekin egunotan bat egin duen Cuculkan komertzioan egin dute ekitaldia, hain zuzen.

Andoni Alvarez alkateak, Aritz Alkain (PSE-EE) eta Pepe Iparragirre (Elkarekin Podemos) zinegotziek, Manu Segovia turismo eta merkataritza teknikariak, Marijo Irazusta Salkin Andoaingo Merkatari eta Ostalarien Elkarteko ordezkariak, eta Cuculkan komertzioko Pablo Troncoso eta Perla Chavezek hartu dute parte sinatze-ekitaldian.

Hitzarmena funtsezkoa dela tokiko ekonomiarako baita udalerriko dinamika sozialerako ere, azpimarratu dute denek ere.

Horrela, Udalak 127.700 euroko diru-laguntza emango dio Salkin elkarteari, urtean zehar antolatzen dituen ekintzei zein merkataritza, ostalaritza eta pertsonentzako zerbitzuak sustatzea helburu duten kanpainei ere. Hiru jarduera biltzen ditu hitzarmenak, batik bat.

100.000 euroko bi bonu-kanpaina antolatzea (udaberrian eta udazkenean). Gogoan hartu behar da 50 euroko 2.500 bonu jarri ohi direla horietako bakoitzean; 30 euroko kostua dute bezeroentzat eta gainerakoa Udalak jarri ohi du.

Dinamizazio, komunikazio eta sentsibilizazio komertzialeko jarduerak sustatu nahi dira, bigarrenik; bai Salkinek berak antolatzen dituenak (bezeroaren astea, Braderie, 80ko hamarkadako festa, Gabonetako kanpaina, zozketak...), eta baita ere, herrian antolatzen diren beste zenbait ekitaldi (Rock Jaialdia, Gau Beltza...).

Azkenik, Salkin elkartearen zeregina indartu nahi da hitzarmenarekin. Besteak beste, Leitzako Agustin kaleko lokala alokatu, merkataritza-mahaietan parte hartzea, digitalizazioari buruzko prestakuntza, etab.

 

Cuculkan dendan, ekitaldia

Salkin elkarteak Andoaingo 65 merkatari eta ostalari batzen ditu gaur egun. Tximeleta (oihal denda) eta Cuculkan (txakur-ileapaindegia, albaitari-kontsultategia, eta, txakur-hezkuntza) dira bere azken aldian bazkideak. Cuculkanen atarian egin dute hitzarmena-sinatze ekitaldia, hain zuzen.

Pablo Troncoso eta Perla Chavez bikotearen esku dago denda. Alikantearra da lehena eta mexikarra bigarrena. Ez da denbora asko ireki denda ireki eta Andoainen bizitzen jarri zirenetik, eta adierazi dutenez, herrian gehiago integratzeagatik eta herriko komertzioa sustatzeagatik erabaki dute Salkin elkarteko kide izatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!