Hain zuzen, 15 urte bitarteko neska-mutiko gonbidatu ugarik egingo dute beren emankizuna Andoaingo kaleetan, goizean zein arratsaldean: Azkain, Oiartzun eta Otxandioko dantza taldeak; Hernaniko txalapartariak; Lizarra eta Debako gaiteroak; Gasteizko txistulari eta akordeoilariak, eta Azkaingo bertsolariak. Horiekin bat egingo dute Andoaingo hainbat kultur talde eta kulturgileek: hala nola, Andoaingo Olagain Udal Txistulari Elkarteak, Ane Urbizu zuzendari duten Udal Musika Eskolako akordeoilariek eta, jakina, Urkiko Dantzariek.
Goikoplazan, bilkura, goizetik
Goikoplazan lehenbiziko hitzordua jarrita, goizetik ekingo diote ospakizunari. 10:30ean, txalapartaren hotsen eta aurkezlearen agurraren ostean, desfile-ibilbidea hasiko da. Plaza Morean, Juanita Alkainen, Espigoian, Zumean eta beste hainbat plaza eta kaleetan emanaldiak eskainiko dituzte taldeek.
Hamaiketakoarekin gozatzeko aukera ere edukiko dute parte-hartzaileek, eta horretarako lanean ariko dira Ontza, Belkoain Berri, Irunberri, Peña Santa Krutz eta Kotoi elkarteetako kideak. 13:10ean berriro bilduko dira Goikoplazan. eta elkarrekin emanaldia egingo dute. Saio hori amaiturik, Urki taldeko familiek kanpotik heldutako zenbait neska-mutil beren etxetara bazkaltzera gonbidatuko dituzte. Beste zenbaitzuk Aita Larramendi Ikastolako eta La Salle Berrozpeko jangeletan edota Andoaindarra elkartean egokituko dituzte.
16:30etik aurrera, Goiko Plazan euskal festa giroari jarraipena emango diote, erromeria-dantzaldiarekin, Jeiki Hadi taldearekin.
Jaialdiaren etorrera iragartzeko eta girotzeko, Naroa Asensio Urki Dantza taldeko dantzariak sortu duen kartel-iragarlea udaletxeko balkoian egongo da zintzilik, maiatzaren 28tik igandera bitarte.
Euskal Folklorearen festa handia
Egun osoko jaialdiaren helburuak zeintzuk diren azaldu ditu Urki Dantza Taldeak. “Hamabost urte bitarteko neska-mutilengan euskal Folklorearen festa-giroari eutsi nahi zaio, eta horretarako, ezin egokiagoa izan daiteke folklore horren eguneroko biziberritzaile diren hainbat eragile (dantzariak, txistulariak, txalapartariak, akordeoilariak, gaiteroak, bertsolariak, trikitrilariak, kantariak…) batu daitezen, eta herriko plazak eta kaleak hartu ditzaten”. Euskal Herriko euskal kulturgile gazteak herrira gonbidatuta, “elkarren arteko harremanak sendotzea ere nahi da jaialdiarekin”.
Aldi berean, gizartearen eta herritarren (familiak, ikastetxeak, elkarteak...) inplikazioa bultzatu nahi da, festaren parte izan daitezen”.